Politika -

Errekalden

Ezker Abertzalea: 'Gertakariak ez datoz bat gure estrategiarekin'

Ezker abertzaleak esan du gizarteak "indarkeriazko borroka eta errepresioa gainditzearen alde" egin duela. Zentzu horretan, atzoko gertakariak "jokoz kanpo" daudela adierazi dute.

Bost kontainer erre dituzte bart, Errekalden. Argazkia: EITB.
Kontainerrak erre dituzte Bilbon, manifestazio baten osteko istiluetan

00:36

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Errekalde auzoan izandako "gertakariak" ezker abertzalearen estrategiarekin "bat ez datozela" adierazi dute gaur (15-20 bat lagunek bost kontainer erre dituzte bart), Estatuen "inmobilismoa indartzen dutelako".

Polizia iturriek atzo jakitera eman zutenez, asteburuan Frantzian ETAko ustezko hiru kide atxilotu izana salatzeko deitutako manifestazioaren ondoren izan dira istiluak.

Gaur, ohar batean, ezker abertzaleak esan du gizarteak "indarkeriazko borroka eta errepresioa gainditzearen alde egin du". Zentzu horretan, atzoko gertakariak "jokoz kanpo" daudela adierazi dute.

"Euskal Herrian bizi dugun garai politiko berri honi, Madrilek eta Parisek errepresioarekin eta oztopoekin erantzun diete", adierazi du ezker abertzaleak.

"Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoari bizkarra eman diote Madrilek eta Parisek estrategia horri eutsiz".

Ezker Abertzalearen aburuz, "azken asteak horren adibide dira": "Bai Espainiar Estatuan eta baita Frantzian ere hainbat atxiloketa egin dituzte eta, Oarsoaldeko gazteekin egin duten bezala, hainbat zigor politiko ezarri dira azken egunetan".

Bildu, Bilboko Udalean

Bilduko taldeak Bilboko Udalean Errekaldeko indarkeria-ekintzak gaitzetsi ditu. Bere ekintza eremutik "urrun" daudela esan dute, eta "gatazka politikoak konpontzeko metodo demokratiko eta baketsuen aldeko apustua egiten" dutela esan dute.

Hala ere, "gertatutakoa goresteko interes politiko bat dagoela" salatu dute, baina "ekintza bakana" izan dela pentsatu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea