Politika -

indultuak

Alderdi independentista kataluniarrek amnistia eskatu dute 'proces'eko presoentzat

ERCk, Juntsek, PDeCATek eta CUPek kritikatu egin dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Kataluniara "antzerkia" eta "propaganda" egitera joan delakoan.

Alderdi politikoetako ordezkariak sinaduren aurkezpenean, Madrilgo Kongresuan. Argazkia: Efe
Alderdi politikoetako ordezkariak sinaduren aurkezpenean, Madrilgo Kongresuan. Argazkia: Efe
Alderdi politikoetako ordezkariak sinaduren aurkezpenean, Madrilgo Kongresuan. Argazkia: Efe

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 'proces'eko espetxeratuei indultua emango diela iragarri izanak hautsak harrotu ditu Kataluniako alderdi independentisten artean, eta oniritzitik urrun, neurria "gutxiegi" dela salatu eta amnistia eskatu dute.

ERCk, Juntsek, PDeCATek eta CUPek kritikatu egin dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Kataluniara "antzerkia" eta indultuekin "propaganda" egitera joan delakoan. Amnistia lortu arte ez dutela etsiko ohartarazi dute.

Horixe adierazi dute alderdi horietako ordezkariek Espainiako Diputatuen Kongresuaren atarian, amnistia eskatzeko Omnium Culturalek eta Aministia i Llibertatek bildu dituzten 200.000 sinaduren aurkezpenean.

"Indultuekin arindu egingo da preso politikoen sufrimendua, baina ez da hor amaituko. Errepresioak hor jarraituko du, eta indultuak gorabehera, lanean segituko dugu independentziara, autodeterminaziora eta askatasunez botoa ematera bidean", adierazi du Marta Vilalta ERCren bozeramaile eta idazkari nagusi ordeak sinaduren ekitaldian.

200.000 sinadurak kutxa gorrietan iritsi dira, eta zenbait mezu zeuden idatzita horietan: "Bederatzi preso politikoengatik", "Kontuen Auzitegia ikertzen ari den 57 pertsonengatik", "Auzipetutako 25 suhiltzaileengatik" eta "Sei erbesteratuengatik", besteak beste.

Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak; Susana Pages Amnistia i Llibertaten bozeramaileak; Vilaltak; eta Gabriel Rufian, Miriam Nogueras, Ferran Bel eta Mireia Vehi ERCren, Junsten, PDeCATen eta CUPen bozeramaileek jaso dituzte kutxak, eta haiek izan dira Kongresuan erregistratu dituztenak.

Pere Aragones Generalitatearen presidentearentzat indultuak "ez dira nahikoa", horregatik amnistia eta autodeterminazioa eskatu du: "Indultuak ez dira irtenbidea independentismoaren aurkako auzian, 9 preso politikoetatik harago doa".

Elsa Artadi JxCaten presidenteordeak esan du Sanchezek "Kataluniako gizarteari entzun" nahi badio eta "esatekoren bat badu", Parlamentera joan beharko lukeela, "ekitaldi alderdikoiak" baztertuta. Bere esanetan, PSOEren helburua da "indultuak irtenbide erreala" direla "sinestaraztea", baina hori "iruzurra" egitea omen da.

Artadik berretsi du preso independentisten indultuak ez direla ez irtenbidea ez "eskuzabaltasun ekintza bat", eta Sanchezek "nazioartearen presioagatik" egin duela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Amnistia Legea