Politika -

INDULTUAK

Sanchezen dimisioa eskatu du Casadok Espainiari traizioa egiteagatik

Espainiako Gobernuko presidentea Diputatuen Kongresura joan da Kataluniako bederatzi presoei indultuak onartzeagatik oposizioak egindako kritikei aurre egiteko.

Sanchezen dimisioa eskatu du Casadok. EITB Mediaren bideoa batetik hartutako irudia
Sanchezen dimisioa eskatu du Casadok.
Dimisioa emateko eta indultuak hautestontzietara eramateko eskatu dio Casadok Sanchezi

0:46

EITB MEDIA | AGENCIAS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean onartutako indultuen harira, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak oposizioaren kritikei aurre egin behar izan die Diputatuen Kongresuan. Gainera, graziazko neurriagatik helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.

Pablo Casado PPko presidenteak dimisioa emateko eta hauteskundeak deitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, "proces" auzian zigortutakoei eman berri dizkien indultuen aurrean Espainiako herritarrek erabaki dezaten.

"Duintasun pixka bat geratzen bazaizu, dimisioa eman beharko zenuke gaur, eta erabaki hori espainiarren esku utzi", azaldu du PPko presidenteak. Gaineratu du hauteskunde-hitzari uko egin diola eta bere zin konstituzionala urratu duela. Indultuak onartu eta biharamunean Casadok Ganbera engainatzen ari dela kritikatu dio presidenteari.

Atzo egin moduan, Sanchezek berretsi egin du neurri "ausarta, konpontzailea eta adiskidetasunaren eta elkarbizitzaren aldekoa" dela, eta oposizioko buruari leporatu dio indultuei ez ezik, gotzain katalanei, enpresaburuei edo sindikatuei ere egindako kritikak direla horiek.

Ivan Espinosa de los Monteros Voxek Kongresuan duen bozeramaileak Espainiari kalte "konponezina" egitea leporatu dio Gobernuari, eta Kataluniari dagokionez noraino iristeko gai diren galdetu du.

Horren aurrean Carmen Calvo lehen presidenteordeak esan du diskurtso "zaharra eta arriskutsua" dela hori eta Espainia "gizarte heldu eta askotarikoak" osatzen duela gogorarazi du. Horregatik, diskurtso horrek ez duela balio gaineratu du.

ERCk Zigor Kodea alda dezan eskatu dio Sanchezi

Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak eskerrak eman dizkio Gobernuko presidenteari, zigortutako preso independentistei indultua emateko "ausardia" izan duelako. Baina argi utzi dio orain pausoak ematen jarraitu behar duela errepresioarekin eta 'Mozal Legearekin' amaitzeko, Zigor Kodea erreformatzeko eta Kontu Auzitegiaren isunari irtenbidea emateko.

"Galdera da: orain zer?", azpimarratu du Rufianek Kongresuan, eta Sanchezek indultuak "ausardiagatik edo beharragatik" eman dituen galdetu ostean, Katalunian eta Kataluniatik kanpo oraindik ere errepresio handia dagoela azpimarratu du.

Horren aurrean presidenteak azaldu du graziazko neurriak ez duela Katalunian gertatzen ari dena konponduko, baina "adiskidetasunerako, elkarbizitzarako eta erreparaziorako garai berri bat irekitzeko" borondatea agerian uzten duela. Espainiako Gobernua indultuei buruz eztabaidatzera "behartuta" zegoela uste du Sanchezek, gizarte osoaren eskaria zelako.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik zigortutako bederatzi politikari independentistei indultuak onartu ostean, Kataluniako bederatzi preso independentistak kartzelatik aterako dira asteazken honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Epaiketak albisteak Pedro Sánchez albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean