Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EAJ Jaurlaritza 'berreskuratzeko prest' dagoela esan du Bilbaok
Bizkaiko ahaldun nagusiak, halaber, Bizkaiak onartuta daukan aurrekontua aplikatuko duela esan du eta ez dutela murrizketa gehiago egiteko asmorik azpimarratu du.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak alderdiaren VI. Batzar Nagusiaren ondoren, EAJ "aurrean duen erronka" lortzeko prest dagoela azaldu du, "Jaurlaritza berreskuratzea", alegia.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean Bilbaok alderdiaren VI. Batzar Orokorretik "oso pozik" atera zela ziurtatu du. Jeltzaleek euren proposamenak "berritu" dituztela esan du, beste exekutiba bat aukeratu eta "presidentea berria ez izan arren", presidente "ona eta indartsua" dela erantsi du.
Bizkaiko ahaldun nagusiak, diru bilketa dela eta murrizketak direla, nahasmendua zabaltzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Bizkaiak ez du murrizketa gehiago aurreikusten
Bilbaok adierazi duenez, bere Gobernuak ez du inolako murrizketarik aurreikusten, izan ere, 2012ko aurrekontuak babestuta, ez du beste murrizketarik edo aldaketarik sartzea aurreikusten. "Aurrekontuak zehatzak dira, beharrezkoak, eta ez dugu murrizketarik espero aurten", ziurtatu du.
Hala ere, euskal ekonomiaren egoera, orohar, "oso larria" dela azaldu du, eta nahiz eta noiz ez jakin, egoera horri aurre egingo zaiola adierazi du, "baina oraingoz ez", erantsi du.
Halaber, Rajoyren Gobernuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igotzeko erabakiarekin ez dagoela ados azaldu du Bilbaok, bere ustez neurri hori "ez da beharrezkoa gure herrian". "Espainian hartutako erabaki horren helburua defizit publikoa jaistea da, eta defizitari dagokionez gure egoera ez da Espainian dutena bezalakoa, guerrea eurena baino hobea da", azaldu du.