Politika -

Koronabirusa

Urkulluk iragarri du talde immunitatea udan lor daitekeela EAEn

Lehendakariak laugarren Bizi Berri planaren nondik norakoak azaldu ditu, eta covid-19a gelditzeko etorkizuneko neurriez aritu da Eusko Legebiltzarrean.

Iñigo Urkullu. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Iñigo Urkullu
EAEn talde immunitatea udan lortuko dela uste du Urkulluk

1:03

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren aurkako talde immunitatea lortu daitekeela uda honetan. Gainera, laugarren Bizi Berri planaz aritu da, pandemiari aurre egiteko legea oinarri izango duena.

EAJko Luis Javier Telleria legebiltzarkideak botatako galderari erantzunez egin ditu iragarpenok lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Bertan, Exekutiboak EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren botoekin aurrera ateratako pandemiaren kontrako legea izan dute mintzagai.

Lehendakariak covid-19aren ondorioz hildako 4.395 pertsonak eta haien familiak gogoratuz hasi du hitzaldia. Gero, pandemiaren kontrako legea babesteko politikak eta neurri zehatzak beharrezkoak direla azpimarratu du.

Izurriteak gure artean jarraitzen duela berretsi du Iñigo Urkulluk, eta onartu berri duten legeak Bizi Berri plan berrian presentzia berezia izango duela nabarmendu. "Datuak egunero hobetzen dira, baina gerta daitekeenerako aurreikusi behar dugu. Lege honekin aurrera egiteko prest gaude", azaldu du lehendakariak.

Halaber, legea eraginkorra dela azpimarratu du, "pandemian ikasitako irakaspenak" barne hartzen dituelako, eta itxaropena indartzen duela eta zuhurtzian oinarritzen dela azpimarratu du. "Orainean eta etorkizunean lagunduko digu", esan du lehendakariak, "legeari esker oinarri sendoa, egiaztatua eta adostua dago, erantzun eraginkorragoak eta berme handiagokoak emateko".

Egoera epidemiologikoak hobera egin duela azpimarratu du, eta, azaldu duenez, "itxaropen eta zuhurtzia" une honetan EAEko gizartea "talde-immunitatera hurbiltzen" ari da. "Uda honetan lortuko dugu", esan du.

EH Bildu

Hala ere, EH Bildu oso kritiko agertu da pandemiaren aurkako lege horrekin eta "hilda jaio den legea" dela esan du Maddalen Iriartek.

Urkulluri bere hitzaldian "publizitatea" egitea leporatu ostean, "autokonplazentziazko hitzak" aurpegiratu dizkio eta "errealitatea bere interesera egokitzea" egotzi dio. Iriartek esan du ostegun honetan onartutako legea Eusko Jaurlaritzaren "kudeaketaren metafora perfektua" dela. "Berandu iritsi da, gaizki eta eraginkortasunik gabe", gaineratu du.

Bere ustez, "oraina eta etorkizuna prestatzeko aukera bat galdu da".

Bere erantzunean, Urkulluk legegintzaldiaren balantze positiboa egin du, eta Euskadi "susperraldiaren inflexio-puntuan" dagoela adierazi du.

Gainera, "hazkundea eta enplegua berreskuratzen" ari dira, aurrekonturik "altuena" onartu dute eta 3.000 milioi euro bideratu dituzte covid-19ari aurre egiteko.

Kaudimenari eutsi diotela eta, hezkuntza arloan, hezkuntza presentzialak % 99an jarraitzea lortu dutela azpimarratu ostean, Urkulluk esan du programa betetzen ari direla eta 16 plan estrategiko daudela indarrean. Eusko Legebiltzarrean, guztira, 15 lege-ekimen, 11 lege-proiektu, beste hiru lege-proposamen eta onartutako aurrekontua daudela azpimarratu du.

Berpiztu programarekin "etorkizuna bultzatzen" ari direla, bi urte hauetan 5.000 milioi inbertituko dituztela eta 40.000 lanpostu sustatzen lagunduko dutela azpimarratu du. Horrekin batera, Euskadi Next programa aipatu du.

Urkulluren hitzetan, "autogobernua indartzen" ari dira, eta transferentzien kronograma negoziatzen jarraitzen dute, eta espetxeen eta beste hiru eskumenen transferentziarekin "emaitzak lortzen" ari dira. Segurtasun Batzordean akordio batera iritsi direla ere esan du. "Euskadi susperraldiaren inflexio-puntuan dago eta etorkizun hobe baterako oinarri sendoak jarri ditugu", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa