Politika -
Ordezkaritza
Gernikako Akordioa babes bila joan da Bartzelonara
Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkaritza bat laguntza bila joan da Bartzelonara, 2010eko irailaren 25ean ETAri indarkeria uzteko eta Gobernuari espetxe politika aldatzeko eskatu ostean.
Erredakzioa
Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkaritza politiko eta sozial bat Bartzelonara joan da elkartearen adierazpenak babes gehiago lortzeko. 2010eko irailaren 25ean ETAri indarkeria uzteko eta Gobernuari espetxe politika aldatzeko eskatu zieten.
Goizean, Kataluniako Parlamentuan bildu dira ERC eta Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiekin eta CUP Parlamentu kanpoko ordezkariekin Gernikako Akordioaren nondik norakoak azaltzeko.
Pere Aragones ERCko diputatuak bere babesa eman die, eta bere alderdiaren babesa beti izango dutela esan die.
Halaber, Toni Strubell Solidaritateko diputatuak eta CUPeko ordezkariek beren laguntza helarazi diete Gernikako Akordioaren sinatzaileei.
Lorena Lopez de Lacallek eskerrak eman dizkie ordezkaritzaren izenean. Kataluniako indar politikoek aurkeztutako "harrera ona" eskertu du, eta Akordioaren nondik norakoak azaldu dizkie.
Halaber, Espainiako eta Frantziako estatuek gatazka konpontzeko beharrezko pausuak eman ez izana gaitzetsi du; ETAk armak utziko dituela iragarri arren.
Arratsaldean, mahai borobila egin dute Akordioa azaltzeko.
Ordezkaritzan Pernando Barrenak (ezker abertzalea), Lore Martinez Axpek (EA), Rebeca Uberak (Aralar), Oskar Matutek (Alternatiba), Igor Urrutikoetxeak (LAB), Josu Zalbideak (STEE-EILAS), Jon Garaik (Egin Dezagun Bidea) eta Izaskun Guarrotxenak (Bilgune Feminista) parte hartu dute.