Politika -
Funtsen ustezko desbideratzea
Kataluniako Gobernuak 10 milioiko funtsa sortu du Kontu Auzitegiaren fidantzak ordaintzeko
Generalitateko Institut Català de Financesek bermatuko du abala, finantza-erakunde baten kontura joango den gordailu batekin. Organo horrek kudeatuko ditu funtsak, harik eta erakunde propioa sortu arte.
Agentziak | EITB Media
Kataluniako Gobernuak lege-dekretu bat onartu du gaur 10 milioi euroko arrisku-funts osagarri bat sortzeko. Horrekin, Generalitateko Kontu Auzitegiak U-1eko erreferenduma sustatzeko ustez diru publikoa erabiltzeagatik ezarritako 5,4 milioi euroko kalte-ordainari aurre egin nahi diote.
Prentsaurrekoan, Kataluniako Gobernuko bozeramaileek azaldu dutenez, funts horren helburu nagusia da "karguaren erabilera legitimoan ibilitako zerbitzari publiko guztiak babestea". Izan ere, horien ustez, auzitegia ikertzen ari den jarduera guztiak kargua betetzearen, atzerri-politikako estatutuen eskumenenen eta adierazpen askatasunaren barrukoak dira. Hori dela eta, funts orokor hori sortu dute, Generalitateak kontratatutako aseguruek estaltzen ez dituzten egoerei aurre egiteko.
Azaldu dutenez, funtsa bi ataletan oinarritzen da: ukigabetasuna eta diru publikoaren kreditua. Hala, funts horren onuraduna izan ahal izateko, interesatuek eskabide bat egin beharko diote Institut Català de Financesi (funtsak kudeatuko dituen organoa da hori, erakunde propioa sortu arte), erantzukizunpeko adierazpen batekin eta zioen gutun batekin. Ondoren, baldintzak betetzen direla egiaztatuko du Generalitateak.
Behin eskaera onartuta, Institut Català de Financesek abal bat bermatuko du, finantza-erakunde baten kontura joango den gordailu batekin. Oraindik ez dute argitu zein izango den erakunde hori, hala ere, azpimarratu dute Generalitateak egingo duena ez dela "zuzeneko abal bat", baizik eta abalaren aurkako bat.
Horrela, prozedura judiziala edo administratiboa erreklamazio ekonomikoari eusten dion epai irmo batekin amaitzen bada, Generalitateak funtsaren onuradunei eskatuko die administrazioak abal gisa jarritako dirua, interesak eta eragindako kostuak gehituta.
Neurri horren bidez, Kataluniako Gobernuak edozein funtzionario publikoren errugabetasun presuntzioa babestu nahi du, eta dekretuak jasotzen duen mekanismoa aseguru pribatu batean erabiltzen den bera dela azpimarratu dute. Hori horrela, Generalitateak diru publikoa bidegabe erabiltzearen deliturik egin dezakeen galdetuta, bozeramaileek baztertu egin dute hori, eta dekretuak "sendotasun juridiko paregabea" duela ziurtatu dute.