Politika -

Victoria Eugenia

Txillardegiren omenaldia 'abertzaleen batasun ispilu' izatea nahi dute

"Abertzaleen batasuna eta elkarlana zen Txillardegiren ametsa" eta "azken urte hauetan pauso handiak eman dira norabide horretan", antolatzaileen arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan egingo diote omenaldia Donostian Jose Luis Albarez Enparantza 'Txillardegi' idazle, euskaltzain eta ETAren sortzaileetako bati, eta ezker abertzaleak omenaldia "abertzaleen batasunaren ispilu" izatea eskatu du.

"Abertzaleen batasuna eta elkarlana zen Txillardegiren ametsa" eta "azken urte hauetan pauso handiak eman dira norabide horretan", antolatzaileen arabera. Hori horrela, "herritar abertzale guztiei Txillardegiri merezi duen agurra egitea" eskatu die.

Maribi Ugarteburu bozeramaileak aurkeztu du Victoria Eugenian, 11:30etik aurrera, egingo den omenaldia. Ekitaldiaren leloa "Agur eta ohore. Euskara, herriaren ondare" izango da eta kultura eta politika munduko jendearen parte-hartzeaz gain, bideo emanaldiak egongo dira eta Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Oreka TX eta Eñaut Elorrietak kontzertuak eskainiko dituzte.

Ugarteburuk azpimarratu du "abertzale handi bat" omenduko dutela, eta alor askotan "ondare aberats eta anitza" utzi duela. "Matematikaria, filosofoa, politikaria, poeta, euskaltzaina, mistikoa, idazlea… Txillardegi asko topa ditzakegu bidean", antolatzailearen esanetan.

Hala ere, "borrokarako fronte nagusiak euskara eta aberria" izan zituela eta "aberriaren oinarria hizkuntzan zegoela" esan zuen lehenengoa izan zela adierazi du, eta horrek "belaunaldi askoren sinbolo" bihurtu zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea