Politika -
Bihar, Auzitegi Nazionalean
Altsasuko alkateak gaur deklaratuko du erregearen parodiagatik
Altsasuko alkateak Auzitegi Nazionalean deklaratuko du, Juan Carlos I.a Espainiako erregea eta Estatuko Segurtasun Indarrak naziekin lotu zituzten antzezlan bat antolatzea leporatuta.
Erredakzioa
Garazi Urrestarazu (Bildu) Altsasuko alkateak Auzitegi Nazionalean deklaratuko du gaur, Juan Carlos Espainiako erregea eta Estatuko Segurtasun Indarrak naziekin lotu zituzten antzezlan bat antolatzea leporatuta.
Desfilea iazko irailean egin zuten, Altsasuko herrian. Iturri juridikoek adierazi dutenez, Erregearen eta Espainiaren aurkako irainak leporatuko dizkiote Urrestarazuri. Horrez gain, desfilea egin ahal izateko baimena eman zuen Udaleko langileak ere deklaratu beharko du, iturri berdinen arabera.
Altsasuko dozenaka lagunek hartu zuten parte desfilean. Ikuskizuna Youtube portalean eskegi zuten. NODO albistegiaren parodia bat egin zuten, eta bertan Espainiako Erregea goratu egiten zuten.
Erregearen eta Segurtasun Indarren parodia egin zuten, Altsasun "polizia gehiegi" dagoela salatzeko. Altsasun Bilduk gobernatzen du. Erregea, Guardia Zibila, foruzaingoa, falangistak eta naziak antzeztu zituzten irailaren 3an grabatutako bideoan.