Politika -

13/13 auzia

Guardia Zibilak 2008an Lopez Peñari hautemandako paperetan kokatu du ikerketaren abiapuntua

Bi guardia zibilek deklaratu dute gaur, epaiketako hirugarren saioan. Atzoko saioan akusatuek leporatzen dizkieten delituak ukatu zituzten, eta bi auzipetuk, Zuriarrainek eta Agirrek, Guardia Zibilarengandik jasotako torturen berri eman zuten.

Auzipetuak eta abokatuak Audientzia Nazionalera iristen, astelehenean. Argazkia: EFE
Auzipetuak eta abokatuak Audientzia Nazionalera iristen, astelehenean. Argazkia: EFE
Guardia Zibilak dio ETAren zulo baten datuak aurkitu zituztela Zuluetaren bulegoan

1:16

Olatz Prat | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13/13 sumarioaren epaiketaren hirugarren saioa atzerapenarekin hasi da. Guardia Zibileko bi agentek deklaratu dute gaurkoan eta babes-neurriekin egin dute, agente-zenbakia izanik identifikazio bakar.

Deklaratzen lehena polizia-atestatuaren idazkari gisa jardun zuen agentea izan da. Fiskalak 13/13 sumarioa eragin zuen ikerketaren jatorriaz galdetu dio. Guardiaren arabera, ikerketa 2008ko maiatzaren 20an hasi zen, Frantzian, Francisco Javier Lopez Peña (2013an hil zen hau), Jon Salaberria, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiola atxilotu zituztenean.

Agentearen arabera, konfiskatutako dokumentazioa ez da soilik aparatu politikoarena, baizik eta, atzemandako 120.000 dokumentuen artean, zergaren kudeaketari eta kobrantzari buruzko eta erakundearen helburuei buruzko materiala ere badago. Dokumentazio horretan ikusi zuten, lehen aldiz, bazela Halboka izeneko egitura aktibo bat, eta horren baitan kokatzen dute 'fronte juridikoa', "ETAren gertuko abokatuek osatua, batez ere"; akusazioaren arabera, horien artean daude auzipetuak.

Dokumentazio horretatik abiatuta, Guardia Zibilak txosten bat egin zuen, eta Auzitegi Nazionaleko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegian erregistratu zuen, 2010eko apirilaren 12an. Horrela, auzipetuen bulegoetan eta etxeetan sartzeko eta miatzeko baimena lortzen zuten, eta halaxe egin zuten, txostena erregistratu eta bi egunera, apirilaren 14an. 

Espainiako Inteligentzia Zerbitzuek, CNIk, ikerketan parte hartu izana aitortu du agenteak. Azaldu duenez, CNIk Guardia Zibilari gertaera zehatzei buruzko informazio zehatza ematen zion: "Ez genuen CNIren material guztia eskura, guk datuak eskatzen genizkien eta haiek eman, datu jakinak, mezu konkretuak edo elkarrizketa zatiak, inoiz ez materiala bere osotasunean".

Angela Murillo epaimahaiburuak eta defentsek Fiskaltzari aurpegiratu diote agenteak peritua balitz bezala erantzun duela behin baino gehiagotan, lekuko gisa deitua izan denean. Agente hori, txostenaren egilea dela ziurtatu badu ere, ez zen inoiz erregistroetan egon, bere lana izan zen erregistroetatik helarazten zioten informazioa txosten batean biltzea. Kexu agertu da defentsa, "bera egon ez den erregistroen lekukotza ematen ari da".

Jone Goirizelaia abokatuak txostena idazteko erabili zituzten informazio-iturriei buruz galdetu dio; izan ere, agenteak adierazi du txostena 2008an atxilotuei atzemandako dokumentaziotik abiatuta egin zela, baina autoan akusatuen gai pertsonalak aipatzen dira, kasu honetan, Naia Zuriarrain defendatuarenak, aurreko atxiloketetan lortutako dokumentazioan agertzen ez zirenak. "Zein dokumentutan agertzen da Naia Zuriarrainek ahizpa bat duela, Eider izenekoa? Zeinetan agertzen da bere bikotekidea espetxean bisitatzen zuela?" Hark erantzun dio informazio hori ez dagoela "inongo dokumentutan; txosten horretan dokumentazioaz gain, polizia-ikerketak eta atzemandako dokumentazioarekin zerikusirik ez duten beste gai batzuk bat egiten" dutela.

Agenteak adierazi du abokatuen Bilboko bulegoan topatutako pendrive batean, zulo baten kokapenari buruzko informazioa aurkitu zutela, eta hango zehaztapenei esker "erraz" topatu zutela zuloa. 

Erregistroetan izan zen agentea

Gaur deklaratu duen bigarren agenteak Zulueta eta Zuriarrainen bulegoaren eta etxebizitzen erregistroetan parte hartu zuen eta, horien lekukotza eman du.

Azaldu duenez, deigarria egin zitzaien hainbat gailu informatiko ezohiko lekuetan aurkitzea, hala nola koadro baten atzean, komuneko kutxa batean edo surf taula baten zorro batean. Nolanahi ere, agenteak argitu duenez, berak erregistroetan parte hartu zuen arren, ez zegokion gailu horiek aztertzea, eta, beraz, ez du ezagutzen gailu horien edukia.

Bigarren agente horrek aitortu duenez, Elkano kaleko abokatuen bulegoa ezagutzen zuen aurretik, Iñaki Goioaga abokatuaren atxiloketan parte hartu baitzuen 2009an.

Onartu duenez, 2010eko apirilaren 14an, erregistroaren egunean, Abokatuen Elkargoko abokatua ez zegoela bertan Guardia Zibila sartu zenean eta, horregatik erabaki zuela Guardia Zibilak bulegoa hustu eta zigilatzea: "Ikerketa babestu nahi izan genuen, eta, adibidez, ordenagailuak ez zirela apelatzen bermatu. Abokatua etorri zenean, zigilua kendu genuen".

Hain zuzen ere, Abokatuen Elkargoko abokatuak protesta bat egin zuen sekretu profesionala urratzeagatik, baina agenteak esan du ez duela protesta hori gogoratzen.

Agenteak adierazi duenez, miaketa hasi ondoren, Guardia Zibilak ez zuen oztopatu lokalean zeuden gainerako pertsonek lanean jarraitzea.

igarren agente horren deklarazioaren ostean, epaiketa uztailaren 27ra arte eten dute. Gainera, adingabeak zaintzeko saio batzuetara ez aurkezteko Zuriarrain eta Agirrerek egindako eskaera aintzat hartu du epaimahaiak.

Defentsa irregulartasunak salatu ditu

Atzo egin zen bigarren saioa, auzipetuetako biren tortura kontakizunek markatutako saioa izan zen. Atxilotuak izan ostean, inkomunikazio garaian torturatuak izan zirela salatu zuten atzokoana. Gainera, Arantza Zulueta eta beste auzipetu guztiek ukatu egin zuten Halbokako edo ETAko kide izatea, eta ukatu egin zuten, halaber, erakundearekin lankidetzan aritu izana, ez iraultza zerga kobratzen, ez helburuak bilatzen, ez bestelako gestioetan. Euren lana espetxe-bidea hartzea erabakitzen zuten pertsonei laguntzea izan zela defendatu zuten.

Defentsak behin eta berriz adierazi duenez, prozesua akats ugariz beteta dago eta bertan behera uzteko arrazoi ugari dago, "irregulartasunak daudelako erregistroetan, legez kanpoko entzuketak, torturen eta tratu txarren ebidentziak daudelako, eta auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko oinarrizko eskubidea urratu delako". Irregulartasun horiek salatu zituzten astelehenean, auziaren aurretiazko gaiei eskainitaiko tartean.

13/13 sumarioan auzipetutako zazpi abokatuak Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo dira. Juan Mari Jauregi ere auzipetuta zegoen, baina, osasun arazoak direla eta, azkenean ez dute epaituko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak