Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aburto: "Eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu dekretua betearazteko"
LABI batzorde teknikoak onartutako murrizketa berriak ezartzeko Bilboko Udalak ezarriko dituen neurriak azaldu ditu alkateak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
EITB Media
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok argi utzi du Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin elkarlanean, eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela dekretua betearazteko. Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azaldu duenez, horretarako, "beharrezkoak diren kontaktuak" egingo ditu Udalak, eta gaineratu du gaur arratsaldean bertan Segurtasun zinegotziarekin bilduko dela bera, "dekretua betearazteko nola jokatu behar den aztertzeko".
Casilda Iturrizar bezalako parkeak ixtea oso zaila dela onartu du Aburtok, baina ohartarazi du "zaintza egokia" egingo dutela, "eta behar denean irmo zigortuko da". Era berean, alkateak aurreratu duenez, "pandemian zehar 19.000 zigor jarri ditugu, eta 1.700 baino gehiago kaleko edanengatik izan dira". Hala, ildo horretan, gogoratu du udal-ordenantzek kale-zurrutak debekatzen dutela.
Alkateak nabarmendu du oraindik ere herritarrei esan beharra zaiela arduratsuak izaten jarraitzeko unea dela, eta, halaber, dekretuaren aldaketaren muina azpimarratu du: "Gizartearen sentsibilizazioa behar da, musukoaren erabilera indartzeko eta jai-giroak ekiditeko".
Lehenengo alarma egoera legez kanpokotzat jotzen duen Konstituzionalaren epaiaren harira, Aburtok uste du "oso kezkagarria" dela hori: "Batzuetan, badirudi epailetzako elementu batzuk besteok bizi dugunaz bestelako errealitatea batean bizi direla". Izan ere, gogoratu duenez, "Europa osoan konfinamenduak eta alarma egoerak izan dira, inolaz ere salbuespen egoerak; azken hori ordena publikoko gaietarako bideratuta dago".
"Auzitegi Gorenak elementu egokitzat jo zuen hori, eta Konstituzionalak berak babestu egin du konfinamendua hainbat ebazpenetan", gogoratu du. Era berean, akordura ekarri du Galiziako sindikatu bati maiatzaren 1ean manifestazioa egitea debekatu ziotenean zer erabaki zuen auzitegi horrek. Hala, gaineratu du ulertzea kostatzen zaion erabakia dela hori, eta adierazi du epaile batzuek "konponbidearen parte direla ulertu beharko" luketela.
Pandemiari dagokionez, iragarri duenez, "Donostian gertatu den bezala, Bilbo datozen egunetan gune gorrian sartuko da ere", izan ere, "tamalez, gaur, ziurrenik, positiboen kopuruak gora egiten jarraituko du". Ildo horretan, argi utzi nahi izan du "ez dagoela festarik, ezta Aste Nagusirik ere". Gogorarazi du udan ekitaldiak antolatu direla "kulturaz gozatzeko eta kultur sektoreak lan egin ahal izateko", baina azpimarratu du "garrantzitsua" dela "jaietan antolatu nahi den edozein ekitaldirekin zorrotzak izatea".
Bestalde, Bilboko alkateak "historikotzat" jo du atzo Zorrotzan trena lurperatzeko Garraio ministerioarekin sinatutako akordioa. "Alkate izendatu nindutenetik begitan izan dudan zorra zen hori". Hala, Raquel Sanchez ministro izendatu berriak izan duen "jarrera positiboa eta irekia" eskertu nahi izan du, eta agerian utzi du "abiadura handiko trenari buruz ere" aritu dela berarekin: "Zorrotzakoa jarraitu beharreko eredua zela esan nion, eta konpromisoa hartzen hasteko unea dela". Horren harira, "protokolo argi bat" abiatu beharko luketela azpimarratu du, konpromisoak, ibilbidea eta egutegia zehaztuko dituena; baina ez du itxaropen faltsurik sortu nahi izan, aurten lor daitekeela pentsatuz. Horren ordez, aurreratu du espero duela "abiadura handiko trenaren aferari lotutako konpromiso batera hel gaitezkeela lehenengo aldiz".
Amaitzeko, Bilboko alkateak berariazko besarkada bat bidali nahi izan dio duela gutxi minbizia duela jakinarazi duen Itziar Urtasun zinegotziari. Aitortu duenez, "ezin dut ezkutatu Itziarrekin lotura berezi bat dudala". Bere esanetan, "elkar babesten dugu egin behar dugun bide honetan", eta baieztatu du "ilusio handiarekin, indar handiarekin eta lan egiteko gogo izugarriekin jarraituko duela hiri bikain honen gidaritzan".