Politika -
"Campeon" auzia
Blanco 'pozik', Gorenean inputatu gisa deklaratu eta gero
Sustapen ministro ohiak funtzionario eroskeria eta eraginpen trafikoa egotzita deklaratu du.
Erredakzioa
Jose Blanco Sustapen ministro ohi eta PSOEko diputatuak adierazi du "pozik" geratu dela Auzitegi Gorenean hiru orduz inputatu bezala deklaratu eta gero.
Blancori funtzionario eroskeria eta eraginpen trafikoa egozten diote, "Campeon" auziaren baitan.
Auzitegitik atera eta gero kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, ministro ohiak esan du "behingoz" ezagutu dituela akusazioak, baina errefusatu egin du adierazpen gehiago egitea.
Auzitegi barruan ministro ohia hiru orduz izan bada ere, iturri juridikoek zehaztu dute deklarazioak ordubete baino ez duela iraun.
Lugoko 3. Instrukzio Auzitegiak igorritako datuak aztertu ostean deitu zuen deklaratzera Jose Ramon Soriano epaileak. Lugoko Auzitegiak funtzionario eroskeria eta eragimen-trafiko zantzuak atzeman zituen. Izan ere, enpresaburu baten esanetan, Sustapen ministroak haren aldeko kudeaketak egin zituen diru truke.
San Jose epaileak Gorenari igorritako txostenak Jorge Dorribo enpresaburuaren deklarazioa jaso du. Deklarazio horietan, Dorribok esan zuen Blancok kudeaketak egin zituela Osasun Ministerioak bere konpainiaren aldeko izapideak azkartzeko.
Dorribok azaldu zuenez, otsailaren 5ean, Lugoko gasolindegi batean Blancorekin elkartu baino lehenago, Manuel Bran ministroaren lehengusuari 200.000 euro eman zizkion, eta diru hori Sustapen ministro ohiari emateko zela.
Blancok aitortu egin du gasolindegiko topaketa gertatu zela, baina argudiatu du enpresaburuekin afari bat zuela, eta Dorriborekin batera joateko geratu zela harekin bertan.