Politika -

EAJren babesa Gobernuari

Itxaso Atutxa: “Sanchez ez da konturatzen ez duela gehiengo absoluturik”

EBBko presidente Itxaso Atutxak dekretuekin gobernatzeari uzteko, malgua izateko eta elkarrizketarako gaitasuna hobetzeko eskatu dio Pedro Sanchezi, nahiz eta “legediak irautearen” alde egin duen.

Itxaso Atutxa, EBBko presidentea.
Itxaso Atutxa, EBBko presidentea.
Itxaso Atutxa, EBBko presidentea.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garrantzitsuak diren gaiak barne hartzen dituzten lege-dekretuak baieztatu behar dira gaur Espainiako Kongresuan, hala nola maskararen erabileraren derrigortasuna aire zabalean. Horren harira, Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ez du argitu nahi izan EAJk horiek babestuko dituen ala ez.

Itxaso Atutxak Radio Euskadiko Boulevard Informativo saioan aitortu duenez, "desadostasunak handiak dira", eta deitoratu du Pedro Sanchez "lege dekretuen bidez" gobernatzen ari dela, "nahiko gogorra izaten ari delako, salbuespenezkoa izan beharko lukeelako eta ez direlako malguak egoera ezberdinetara egokitzeko". Zentzu horretan, salatu du Sanchez ez dela konturatzen ez duela gehiengo absoluturik.

"Malgua izateko eta elkarrizketarako gaitasuna hobetzeko" eskatu dio Atutxak Sanchezi, baina gainerako legegintzaldian babesa ematen jarraitzearen alde egin du. Buruzagi jeltzalearen esanetan, "legealdia osoa izatea espero dugu; mantentzea interesatzen zaigu". Izan ere, nabarmendu duenez, "Estatuko Gobernuaren egonkortasunak egonkortasuna ekartzen du lurralde guztietara". Halaber, onartu du ez dela erraza izango, "batez ere gehiengo absolutua ez duela kontuan hartzen ez bada"; era berean, azpimarratu du Gobernuan egindako azken aldaketak zailtasun erantsiak direla, "badirudielako bete ez diren akordioak gogoratu beharko direla".

Estatutu berriaren eztabaidaren harira, EBBko presidenteak gogoratu du aurreko legegintzaldian egiteke gelditu zen lana dela, eta deitoratu du "ematen duela beste gai batzuei denbora gutxiago eskainiko diegula". Pandemia lehentasunezkoa dela azpimarratu du, baina tematu da esanez pixkanaka normaltasuna berreskuratu beharra dagoela. Edukiari dagokionez, "adituek eta alderdiek emandako argudioek bat egin zuten dokumentu batekin eta EH Bilduren beste proposamen batekin amaitu zen", eta koalizio horrekin lan egitea "oso zaila" dela esan du. "Oinarrien akordio batera iritsi gara, eta gero adituen lanean norabidea aldatu dugu". Aldiz, "EAJn Elkarrekin Podemos-IUrekin duen ulermena" eskertu du, "hemen, erabakitzeko eskubideari buruzko jarrera ezberdina duelako".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Koronabirusa Maskarak