Politika -
Instrukzioa, bukatuta
Gorenak funtzionario-eroskeria egotzi dio Garzoni, New York auzian
Epaile instruktoreak Garzon epaitzeko arrazoiak atzeman ditu, New Yorken ikastaro batzuk egiteagatik Santander bankuaren partetik dirua jaso izana egotzita.
Erredakzioa
Manuel Marchena Auzitegi Goreneko epaile instruktoreak funtzionario-eroskeria zantzuak atzeman ditu Baltasar Garzon epailearen jardunean, New Yorkeko ordainketen auziaren baitan.
Horrenbestez, epaileak Garzon epaitzeko arrazoiak atzeman ditu.
Gorenaren iturriek jakinarazi dutenez, Marchenak bukatutzat eman du auziaren instrukzioa, auzia prozedura laburtuaren bidetik izapidetu du eta 10 eguneko epea eman die aldeei, akusazioa aurkeztu edo auzia ixtea eskatzeko.
Baliteke Garzonek hiru eta sei hilabete arteko isun eskaerari aurre egin behar izatea. Zigor Kodearen azken erreformak (iazko ekainean egina) espetxe zigorra aurrez ikusten du funtzionario-eroskeria delituagatik, baina ikertutako gertakizunak lehenago jazo ziren.
New York auzia Garzonek Auzitegi Gorenean irekita daukan azkena da. Orain arte, Gürtel auziko entzuketen eta frankismoaren aurkako ikerketaren epaiketak abiatu dizkiote.