Politika -
Eusko Alkartasuna
Maiorga Ramirez: "Bi urte hauetan nire eskubideak urratzeaz gain, afiliatu askorenak ere urratu dituzte"
"Inoren eskubideak urratzen ez dituzten primarioak deitzeko unea" dela esan du, kontrakoa "epaia ez betetzea" izango litzatekeelako. Testuinguru horretan, elkarrizketa bultzatzeko prest agertu da.
EITB Media
Maiorga Ramirez Eusko Alkartasunako (EA) sektore kritikoko buruak, Eba Blanco EAko idazkari nagusiaren izendapena baliogabetzen duen epaia aztertu du larunbat honetan, Donostian. Kazetarien aurrean azpimarratu duenez, bi urte hauetan bere "oinarrizko eskubideak" urratzeaz gain, "afiliatu askorenak ere urratu dituzte".
Ramirezek azaldu duenez, "oso epai garrantzitsua da, gure alderdiari ez ezik gainerako alderdi politikoei ere gogorarazten dielako barne botere posizioak eta alderdien aparatuak ezin direla erabili eskubideak murrizteko eta eztabaida zein prozesu demokratikoak baldintzatzeko".
Ildo horretatik, "inoren eskubideak urratzen ez dituzten primarioak deitzeko unea" dela esan du, kontrakoa "epaia ez betetzea" izango litzatekeelako. Hori dela eta, elkarrizketa bultzatzeko prest agertu da: "Elkarrizketa-mahai batean baldintza demokratikoak eta gardentasuna adosteko aukera dugu, alderdia normaltasun demokratikorako bidera itzul dadin".
Epaiak, alderdian jarduteko moduan "aldaketak" egitea eskatzen du, baita "oinarrizko eskubideak urratzen dituzten antolaketa erabaki guztiak, atzerapen maniobrak eta diziplina espedienteak barne, birbideratzea". Horregatik, "barne aparatua modu gaiztoan exekutatzeko deabruzko kiribilarekin amaitzeko unea" dela azpimarratu du.
Ramirezek azaldu duenez, gaur egun bi ikuspegi nagusi daude "aurrez aurre" alderdian, EAk EH Bildun izan behar duen txertaketarekin lotuta. Alde batetik, "koalizioaren eredua berreskuratzeko apustua" egiten dutenak daude, non "EAk bere eskarmentua emango lukeen, nortasun propioa mantenduz betiere". Bestetik, berriz, "EH Bilduren egituretan EA desegitearen alde daudenak" kokatzen dira.
Hala, EA "ezker abertzalearen nagusitasuna duen EH Bildun urtzen" ari dela deitoratu du Ramirezek, afiliatuei ez zaielako ezer galdetu. Bere iritziz, hau guztia "oso larria da, EA gardentasunaren eta barne demokraziaren eredu izateko sortu baitzen". Ramirezek nabarmendu duenez, "zoritxarrez, afiliazioak erabakitzeko aukerarik izan ez dezan, barne boterea erabili dela egiaztatzen du epaiak". Horrekin lotuta, bere "oinarrizko eskubide demokratikoak" urratu direla esan du. "EA eskubideak bermatzeko sortu zen, ez eskubideak urratzeko", gogoratu du.
"Bi urte igaro ditu alderdiak idazkari nagusirik aukeratu gabe. Bitarte honetan, alderdiaren ardura politikoa, ekonomikoa eta antolakuntzakoak bidegabe eduki dira, afiliazioari bizkarra emanda", erantsi du prentsaurrekoan. Gainera, Ramirezen arabera, "bi urte hauetan, nire hautagaitza babestu zuten 400 afiliatuk baino gehiagok egungo zuzendaritzaren mespretxuak eta gezurrak jasan behar izan dituzte".
Horrenbestez, "idazkari legitimorik gabeko bi urte hauen ostean, egoera zentzuz bideratzeko unea da". Horregatik, primarioen prozesu berri bati lehenbailehen hasiera emateko eskatu du, epaiak agindutakoa betetzeko.