Politika -

Omenaldia

Joseba Barandiaran poliziaren biktimaren omenezko plaka jarri dute Donostian

Polizia Armatuak tiroz hil zuen 19 urteko gazte donostiarra, 1978ko uztailaren 11n, manifestazio batean.

Joseba Barandiaranen omenaldia. Argazkia: EFE
Joseba Barandiaranen omenaldia
Donostiak plaka bat ipini du Joseba Barandiaran Poliziaren biktimaren omenez

0:46

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak Joseba Barandiaranen omenezko plaka jarri du gaur. Polizia Armatuak erail zuen 19 urteko gaztea, 1978ko uztailaren 11ko manifestazio batean.

Eneko Goia alkateak, udal talde guztietako ordezkariek, familiak, hurbilekoek eta herritarrek hartu dute parte omenaldian. 12:00etan izan da, Barandiaran hil zuten tokian bertan; Donostiako San Bartolome kaleko 12.enean, hain zuzen ere.

Udalak duela hiru urte jarri zuen martxan biktimak omentzeko ekimena, eta Barandiaranena ipinitako hamahirugarren oroigarria da. Alkateak gaurko ekitaldian azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimen txostenetik abiatuta, "indarkeriaren biktimak gogoratu" nahi ditu Udalak.

Barandiaranena da, baina, indarkeria polizialaren biktima bat aitortzen duen lehen plaka. Eneko Goiak esan duenez, "1978ko sanferminetan jazotako gertakari larrien ondorioz", "akzio polizialaren biktima" izan zen.

Joseba Barandiaran Urkolari tiro egin zion Poliziak, German Rodriguezen erailketaren kontrako protesta batean. Rodriguez bera ere Polizia Armatuaren biktima izan zen, urte bereko sanferminetan.

Gaurkoak "Donostian indarkeriaren ondorioz bizia galdu zutenak oroitzeko eta omentzeko" balio izan duela azpimarratu du Goiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Eneko Goia Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak