Politika -

Bakearen Aldeko Koordinakundea

Ezker abertzaleari pausoak eskatu dizkio eta PPri, presoak hurbiltzea

Bakearen aldeko koordinakundeak egin duen azken deialdian, ezker abertzaleari elkarbizitza demokratikoa lortzeko pauso gehiago eskatu dizkiote eta ETAko presoak hurbiltzea defendatu dute.

Bakearen Aldeko Koordinakundea, Bilboko prentsaurrekoan. Argazkia: EITB
Bakearen Aldeko Koordinakundea, Bilboko prentsaurrekoan. Argazkia: EITB
Bakearen Aldeko Koordinakundeak azken deialdia egin du

00:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen Aldeko Koordinakundeak ezker abertzaleari pauso gehiago eskatu dizkio "aniztasuna onartzen dutela frogatzeko" eta ETAko presoak Euskal Herrira hurbiltzea defendatu du.

Bilbon eman duten prentsaurrekoan, datorren otsailaren 11n Bilbon egingo duten azken manifestazioaren deialdia aurkeztu dute. "Etorkizuna gurea da, lortu dugu" lelopean egingo dute martxa.

Talde honek 1988az geroztik urtero deitu du manifestazioa urtarrilaren 30aren inguruan, Mahatma Gandhi lider baketsuaren heriotzaren urteurrenean, ETAri indarkeria uztea eskatzeko.

Arantza Askasibarrek irakurri du deialdia eta ETAk jarduera armatua utzi duela iragarri ostean, "herri mobilizazioa jada ez da ezinbestekoa", adierazi du.

Azken martxa honekin "herri mobilizazioaren zikloa amaitu" nahi dute: "Atzerapausorik ez dagoela eta etorkizuna soilik indarkeriarik gabe izan daitekeela berretsi nahi dugu"

Hala ere, azken martxa honek ere aldarrikapen kutsu bat ere izango du, Koordinakundeak iragarri dituen bost mezuekin.

Lehenengoa, "gertatutakoa ez ahaztea". Bakearen Aldeko Koordinakundeak "ezer gertatu ez balitz bezala, orriak ez pasatzeko" eskatu du.

Bigarren mezua "indarkeriaren deslegitimazioan oinarritutako kontakizuna" da. " Injustizia asko egon dira eta daude, baina inolaz ere ez, hilketa bat justifikatzeko moduan".

Hirugarrena elkarbizitzarekin lotuta dago. Horren harian, ezker abertzaleari "gizartearen aniztasuna onartzeko pauso gehiago" eskatu dizkiote, "demokrazian bizi eta lan egiteko gai direla erakusteko".

Gatazkak banatzeko ere eskatu dute (politikoa eta terrorista), izan ere "gure gizartean dagoen gatazka politikoak ez du inoiz terrorismoaren sorrera justifikatu".

Azken mezuak ETAko presoen eskubideak ditu hizpide eta "tratamendu bihozberago bat" defendatu dute, "baina inolaz ere ez errudunen zigorgabetasuna". Honen harira, presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatu dute, baita gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta banakako birgizarteratze prozesuak irekitzea ere, baina ez "dohainik presoak espetxetik ateratzea", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea