Politika -
Batzar Orokorra Leioan
Arana: 'Ezker Anitza Euskadiko Ezker Batuaren birsorkuntza da'
EAJri soilik "Eskoziaz" kezkatzea leporatu dio Mikel Aranak, eta Patxi Lopez lehendakariak dena "berandu eta gaizki" egiten duela esan du.
Erredakzioa
Ezker Anitzako buruzagiak, Mikel Aranak, larunbat honetako Batzar Orokorrean esan du bere alderdiak "Euskadiko Ezker Batuaren birsorkuntza" irudikatzen duela.
Leioan egiten ari diren bileran EAJri soilik "Eskoziaz" kezkatuta egotea leporatu dio eta Patxi Lopezi dena "gaizki eta berandu" egitea.
Alderdia "kapitalismoaren aurkako ezkerra, errepublikarra eta federala" izateko beharraz mintzatu da Arana, Cayo Lara IUko koordinatzaile orokorrarekin egindako bilkuran.
"15-M mugimendukoek eskatu duen politika egin nahi duen alderdia, erakunde irekia, horizontala, feminista, ekologikoa, sozialista, komunista, troskista, baketsua, autodeterminista, internazionalista…eta beste mundu bat posiblea dela uste dugun orok tokia dugun alderdia gara", esan du Aranak.
"Langabeziaren datu latzak" gogoratu ostean, Aranak EAJri soilik "Eskoziaz" kezkatuta egotea leporatu dio. Ostiral honetan Patxi Lopez lehendakariak Rajoyrekin izan duen bileraren inguruan, "askok aspalditik eskatzen duguna" izan zela esan du.
Zentzu honetan, Antonio Basagoitirekin bat datorrela adierazi du, "beti berandu iristen den gobernua baitugu". "Defizitaren iragarpenak berandu harrapatu dio, baita espetxe politikaren aldaketak, udaletxeetako legeak, lapurtutako haurren auziak, eztabaida fiskalak… dena berandu eta gaizki egiten dute", gaineratu du. Ezker Anitzaren Batzar Orokorra Leioan egiten ari dira "Rebélate/Jaiki" lelopean eta 300 ordezkari inguru daude. Gainera, Euskadiko CC. OO sindikatuko arduraduna, Unai Sordo, eta hainbat alderdi politiko ere egon dira, besteak beste, Aralar, EA, UPyD, Izquierda Republicana, Berdeak edota Frantziako alderdi komunista.