Politika -
Logroñoko espetxean
Otegiren askatasuna eta presoen eskubideen errespetua exijitu dute
Arnaldo Otegi preso dagoen espetxearen atarian, bere eta "Bateragune Auziko" kondenatuen askatuasuna eskatu dute, baita "euskal preso politiko guztien eskubideen errespetua ere".
Erredakzioa
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea eta "Bateragune Auzian" zigortutako Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto askatzea eskatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Logroñoko espetxe atarian hainbat lagunek.
200 lagun inguru bildu dira eta "Arnaldo askatu, politika askatu" plataformako kideek Otegik 837 egun "bahituta" daramatzala salatu dute, "2009ko urrian irtenbideak bultzatzeagatik atxilotu zutenetik":
Preso guztien giza eskubide guztiak errespetatzeko exijitu dute. Gaixo dauden presoak, zigorra edo zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzea eta sakabanaketa politika indargabetuz euskal preso guztiak Euskal Herriratzea eskatu dute.
Bilkuran pertsona ezagun askok parte hartu dute eta Otegiri euren elkartasuna adierazi nahi izan diote, besteak beste, Amaiurreko hainbat diputatuk, Rafa Larreinak, Maite Aristegik, Xabier Mikel Errekondok eta Iñaki Antiguedadek. Joan Tardá ERCko diputatua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Xabier Amuriza eta Joan Maia bertsolariak, Joan Mari Irigoien idazlea, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, eta Jose Maria Arrate Athleticeko presidente ohia ere bertan egon dira.
Bakea lortzeko Otegiren lana "ezinbestekoa" izan zela esan dute eta PSOEk "atxilotu eta espetxeratu" zuela gogoratu dute. PPko Gobernuak "busti" eta aske utzi behar duela adierazi dute.
Alfonso Sastreren gutun bat ere irakurri dute bost hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez). "Amnistiarik gabe ez da izango bakerik" zioen.