Politika -
Positibo kopuru handia
Carlos Iturgaiz: "Udalerri batzuetan etxeratzeko agindua ezartzea aztertu beharko litzateke"
"Sanchez presidenteari eskatzen ari zaren guztia zakarrontzira doa", esan dio Euskadiko PPren presidenteak Urkulluri. EAJri inkoherentzia leporatu dio Iturgaizek. 36ko polemikari buruz, "noski, diktadura bat izan zen", esan du.
N.D. | EITB Media
Euskadiko PPren presidenteak Radio Euskadiko Boulevard Informativo irratsaioan esan duenez, "udalerri batzuetan etxeratzeko agindua ezartzea aztertu beharko litzateke". Konkretuki, Plentzia hizpide izan du: "larriena Ertzaintzari itxaroten diotela, eraso egiteko".
Iturgaizen ahotan, "Ertzaintza ezin daiteke botiloiaren erradikal biolentoek astintzeko txotxongiloa izan", adierazi du. "Hemen men ez egiteak oso merke suertatzea da arazoa", erantsi duenez.
Euskadiko PPren buruzagiak uste du lehendakariak egin beharreko lehenengo gauza "Sanchez presidenteari eskatzen ari zaion guztia zakarrontzira joaten ari denaren jakitun izatea litzateke". "Aginte bakarrak ez du funtzionatu, eta bere bazkideak moztu dizkio irtenbideak", gaineratu du.
"EAJren inkoherentzia" begi-bistan geratu dela nabarmendu du, hemen "musukoaren derrigortasuna proposatuz, eta Sanchezek Madrilen kontrakoa proposatu duenean abstenituz".
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du Iturgaizek: "Desordena gehiegi izan da, txertaketan irregulartasunak ikusi ditugu, eta LABIk berandu hartu ditu erabakiak".
Eusko Legebiltzarrean Alderdi Popularraren osasun eta justizia egitasmoak babesik ez jasotzea deitoratu du, "Espainia osoak behar duena zela bazekitelako". Pandemia legea Legebiltzarrera "gaizki eta berandu" iritsi zela uste du Iturgaizek, "eta Jaurlaritzak gaiari ihes egin zion".
Camuñas ministro ohiaren adierazpen polemikoen harira, "herrikideen arteko borrokari erabateko amaiera eman zion trantsizioak", adierazi du Euskadiko PPren presidenteak. Camuñasek 36ko estatu-kolpea zalantzan jarri zuen.
"Gaia garbituta dago, eta norbaitek Franco gogora ekarri nahi badu, gaur hemen ditugun arazoez ez hitz egiteko asmoz da", argudiatu du. "Memoria, herritarrek dute, eta Gobernu honekin amildegira goazela ongi dakite, amiltzera goazela Espainia azken tokietan jartzen dutelako nazioarteko adierazle guztiek", erantsi duenez. Azkenik, "noski, Francorena diktadura bat izan zen", onartu du.
Bestalde, alderdi barruan Pablo Casadoren lidergoan zalantzarik ez dutela azpimarratu du Carlos Iturgaizek: "Ayuso, Feijoo, Juanma Moreno, Lopez Miras, Mañueco…, baina orkestra zuzendariak Pablo Casado du izena, eta hurrengo Gobernuko presidentea izango dela ziur nago".