Politika -

Katalunia

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Torrent ikertuko du Konstituzionalari ez obeditzeagatik

Kontseilariak deitoratu egin du zitazioa, eta ohartarazi du Kataluniako Parlamentuan "adierazpen askatasuna mugatzeko" saiakera dagoela, eta Parlamentua zentsuratzen saiatzea "demokraziaren aurkako akats larria" dela salatu du.

Roger Torrent. Artxiboko argazkia: EFE.
Roger Torrent. Artxiboko argazkia: EFE.
Roger Torrent. Artxiboko argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Roger Torrent Enpresa kontseilaria eta JxCat eta ERC alderdiek Parlamentuko Mahaian zituzten hiru kideak irailerako deitu ditu deklaratzera, Auzitegi Konstituzionalari desobedintzea egotzita.

Maria Eugènia Alegret Auzitegi Nagusiko epaileak irailaren 15erako deitu ditu deklaratzera Torrent, Josep Costa eta Eusebi Campdepadros (JxCat) eta Adriana Delgado (ERC). Autodeterminazio eskubidea erabiltzearen eta monarkia gaitzestearen aldeko ebazpenak izapidetuta Konstituzionalari desobeditu egin ziotela iritzita, kereila jarri zuen Fiskaltzak horien kontra.

Ikertuak deitzeaz gain, epaileak 10.000 euroko fidantza ezarri dio Voxi, alderdia herri-akusazio gisa aurkeztu ahal izateko.

Fiskaltzak martxoan Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Mahaiko kide independentisten aurkako kereila aurkeztu ondoren hasi zuten ikerketa. Autodeterminazioari eta monarkiari buruzko ebazpenak tramitatzea leporatu diete, nahiz eta Konstituzionalak ohartarazi zien 2015eko azaroaren 9ko haustura-adierazpena garatzea ekarriko zuen edozein ekimen eragotzi behar zutela.

Fiskaltzaren arabera, Torrentek eta Parlamentuko Mahaiko JxCateko eta ERCko gainerako kideek ebazpena tramitatzeko baimena eman zuten.

"Adierazpen-askatasuna mugatzea"

Zitazioaren harira, Kataluniako Parlamentuan "adierazpen-askatasuna mugatzeko" saiakera bat dagoela ohartarazi du Torrentek, eta ikertu gisa deklaratzera deitzea deitoratu du, Legebiltzarreko presidente gisa autodeterminazioari eta monarkiari buruzko ebazpenak izapidetu dituelako.

Twitter sare sozialaren bidez, Torrentek deitoratu egin du zitazioa, eta, ohartarazi duenez, "errepresioaren makineriak martxan jarraitzen du adierazpen-askatasuna mugatu eta jazartzeko". "Parlamentua hitzaren eta eztabaidaren tenplua da, eta zentsuratzen saiatzea demokraziaren aurka doan akats larria da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa