Politika -
Memoria Historikoaren epaiketa
Garzonek frankismoa ikertzeko bere 'beharraren' alde egin du
Epailea akusatuen aulkian eseri Memoria Historikoaren auzian deklaratzeko. Epaileak ez die akusazio partikularraren galderei erantzun.
Erredakzioa
Baltasar Garzon epaileak frankismoko hilketen salaketak ikertzeko bere "beharra" azpimarratu du Auzitegi Gorenean eta "milaka eta milaka herritar desagertarazteko ongi pentsatutako plan" baten ondorio zela adierazi du.
Auzi hau Ismael Moreno epaileak zuzendutako "gerra kriminal nazien" inguruan zuzendutako instrukzioarekin alderatu du, bertan Fiskaltzak ez duela ikerketa bat irekitzea ukatu azaldu du.
Zazpi epailek osatutako tribunalaren aurrean, Garzonek toga kendu du eta akusatuen aulkian eseri da ustezko prebarikazio delitu baten inguruan deklaratzeko. Akusazio partikularrak, Manos Limpiasek, alegia, Zigor Kodeak delitu horren inguruan jasotzen duen zigorrik gogorrena eskatu du, 20 urteko desgaikuntza, alegia.
Auzitegi Gorenak Gonzalez Martinez-Fresneda Garzonen abokatuak eta Fiskalak epaiketa bertan behera uzteko eskaera baztertu ondoren, Garzon epaileak ez die akusazio partikularraren galderei erantzun, akusazioa egiteko "zilegitasunik" ez dutela iritzita.
Aurreko saioan, Garzonen abokatuak, "Botin doktrina" ekarri zuen gogora, hain zuzen, akusazio partikularrak bakarrik jarduten duenean epaiketa irekitzea ez dela bidezkoa dioena, hori dela eta, Gerra Zibilean eta frankismo garaian jazotako hilketak ikertzeagatik irekitako auzia bertan behera uzteko eskatu zuen.
Defentsaren galderei erantzunez, Garzonek adierazi du, Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzioa ustez " gerrako kriminal naziek" 1942 eta 1944 artean kontzentrazio-esparruetan agindutako gertakariak ikertzen ari dela Fiskaltzak hala eskatuta. "Uste dut, gainera, orain gutxi pertsona bat genozidioaren konplize izategatik zigortu dutela", erantsi du epaileak.
Garzonen aldeko elkarretaratzea
Ehun bat pertsona bildu dira Auzitegi Gorenaren atarian Baltasar Garzon epaileari babesa helarazteko eta elkartasuna adierazteko. "Justizia justizia" oihukatuz, edota "Garzon laguna zaitugu, herria zurekin dago" bezalako leloekin hartu dute epailea epategi atarian.