Politika -
Ohiko bilkura
Protesta batek Donostiako Udalaren osoko bilkura eten du
ELA sindikatuko hainbat ordezkari Donostiako Udala osoko bilkura egiten ari zen aretora sartu dira protesta egitera.
Erredakzioa
ELA sindikatuko hainbat ordezkari Donostiako Udalaren osoko bilkurara sartu dira, "Donostiako Udalean murrizketarik ez" lelopean, eta Juan Karlos Izagirre alkateari hitza eskatu diote. Tentsio uneak egon dira aretoan, eta alkateak komunikatua irakurtzeko baimena eman die. Ondoren, aretoa utzi eta bilkurarekin jarraitu ahal izan dute.
Udalbatzaren osoko bilkurak, legegintzaldi honetan orain arte egin dituzten osoko bilkurak bezala, luze jotzea espero dute, 24 mozio eta 13 erakunde-adierazpen aztertuko baitituzte.
Ohiko gaiak izango dira hizpide gaurko osoko bilkuran: autobus geltokia, Tabakalera, zaborren bilketa sistema, Kutxabank eta udalen legea, besteak beste.
Kutxabank
Kutxabankeko administrazio kontseiluan ordezkaritza proportzionala izatearen aldeko adierazpen instituzionala onartu du Donostiako udalak PSE-EEren eta Bilduren botoekin.
Gainera, kutxako Gipuzkoako ordezkaritza ez gutxitzea eskatu dute, Bizkaiak baitu pisu handiena.
PPk adierazpen honen aurka bozkatu du eta baita EAJk ere, eta egungo administrazio kontseiluari babesa berretsi diote.
Juan Karlos Izagirre alkateak EAJren eta PPren arteko akordioa "onartezina" dela esan du, eta Donostiari eta Gipuzkoari kalte egiten diola esan du, "boterea lortzeko helburu bakarrarekin".