Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ertzaintzaren zuzendariak 'adi' jarraitzen du ETAren bilakaera

Jose Antonio Varelak "ibilbide luzea" aurreikusi du, baina "tunelaren amaiera" ikusten ari dela eta, segurtasun publikoan ere normalkuntza prozesura iristea espero du.

Ertzaintzaren zuzendariak 'adi' jarraitzen du ETAren bilakaera. Argazkia: EITB
Ertzaintzaren zuzendariak 'adi' jarraitzen du ETAren bilakaera.
Ertzaintzaren lehen promozioaren 30. urteurrena

02:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak aitortu du 'adi' jarraitzen duela ETAren bilakaera, nahiz eta jarduera armatua bertan behera utzi duela iragarri.

Varelak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "ibilbide luzea" dago egiteko, baina "tunelaren amaiera" ikusten ari dela eta, segurtasun publikoan ere normalkuntza prozesura iristea espero du.

Haren esanetan, ETAren egoera berriaren ondorioz, aldatu egin behar izan da "mehatxu horri aurre egiteko" bideratuta zeuden hainbat zerbitzu.

"Bilakaeraren eta egin ditugun iruzkinen arabera", agenteen zerbitzuak eskari handia duten arloetara bideratzen ari dira, emakumeen kontrako indarkeriara besteak beste. Horren harira, herritarrek "gertuko" Ertzaintza eskatzen dutela azpimarratu du.

Dena dela, Varelak azaldu duenez, "horrek ez du bertan behera utziko erakunde terroristaren eta bere inguruaren gaineko lana eta arreta".

Sua itzaltzea

Bestalde, Ertzaintzaren zuzendariak onartu du "kalean normaltasuna" dagoela eta ez dagoela "atentaturik eta mehatxurik", eta horrek ahalbidetuko duela Ertzaintzaren Arkauteko Akademian dagoen sua itzaltzea, monumentuan jarrita dagoen xaflan ondorengoa jartzen baitu: "Gure herriaren kontra antolatutako indarkeria dagoen bitartean egongo da piztuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea