Politika -
Arkauti
Patxi Lopezen esanetan, etorkizuna ez da ahanzturaren gainean eraikiko
Ertzaintzaren 30. urteurrenaren ekitaldian izan da Patxi Lopez lehendakaria. Bertan, ETAk hildako ertzainen omenez jarritako su-ontziaren garra itzali dute.
Erredakzioa
Ertzaintzaren sorreraren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Arkautin. Besteak beste, azken 19 urteetan terrorismoaren biktimen omenez piztuta izan den su-ontziko garra itzali dute.
ETAk hildako Ertzaintzaren agenteak izan ditu gogoan bereziki Patxi Lopez lehendakariak, bertan egin duen hitzaldian. Etorkizuna ez dela "ahanzturan oinarrituta eraikiko" azpimarratu du.
Su-ontziko sugarra 1993ko abenduan piztu zuten, ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzaren sarjentua hil eta gero. Garai hartan, Juan Maria Atutxa zen Herrizaingo sailburua.
Hain zuzen, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri eta gero su-ontziaren garra itzaltzea erabaki zuten, indarkeriak irauten zuen bitartean piztuta izateko asmoz jarri baitzuten. Sugarra Juan Maria Atutxa Herrizaingo sailburu ohiak, Joseba Goikoetxea ertzainaren semeak (berriki Ertzaintzan sartu da) eta Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak itzali dute.
Ondoren, lehendakariak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ETAk hildako 38 ertzainen omenez jarritako bi monolito aurkeztu dituzte eta lore eskaintza egin dute.
Patxi Lopez lehendakariak Euskadin behin betiko bakea lortzeko oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu du gaurko hitzaldian, baina, hala nahi dutenak bertan sar daitezen, demokraziak "ateak irekita" dituela azpimarratu du.
"Euskadin behingoz terrorismoa amaitu" delako pozik agertu da lehendakaria, baina oraindik asko dagoela egiteko azpimarratu du.
"Malko asko isuri" direla eta "totalitarioek" egoera honetara iritsi arte "bizitza asko suntsitu" dituztela gogoratu du lehendakariak, baina etorkizuna ez dela "ahanzturaren gainean eraikiko" adierazi du.
Hala, ETAk hildako agenteen izenak "askatasuna defendatzen ari zirela hil zituzten ertzainen eta udaltzainen lanaren lekuko ahaztezin" izango dira Arkautiko monolitoan, haren esanetan. "Ez dugu hiltzaileen ardura desegiten utziko", erantsi du lehendakariak.