Politika -
Urquijo-Patxi Lopez bilera
Urquijo, Jaurlaritza PPren neurriak 'saihestekotan' ari den kezkatuta
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria lehendakariarekin bildu da eta erakundeen arteko leialtasuna adierazi dio.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Patxi Lopez lehendakariari erakundeen arteko leialtasuna adierazi dio eta bi Gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko asmoa.
Hala ere, Jaurlaritza Rajoyren Gobernuak defizit publikoa zuzentzeko onartutako neurriak "saihestu" nahian ote dabilen "kezkatuta" dagoela esan du Urquijok; izan ere 3.000 lanpostu publiko iragarri ditu gaur Jaurlaritzak.
Urquijo eta Patxi Lopezen arteko bilera, joan den urtarrilaren 9an bere karguaren zina egin zuenetik, bi buruzagien arteko lehena da.
Urquijo Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanaren alde agertu da lehendakariaren aurrean.
Oraindik zintzilik dauden eskumenen inguruan ere mintzatu da Urquijo, eta autonomia estatutuak zehazten dituen eskumenen garapenaren aldeko apustua helarazi dio.
Azkenik, EAEko azpiegiturak, batik bat Abiadura Handiko Trena, suspertzearen alde egin du.