Politika -
Frantzia
Kautelazko neurriak murriztu dizkio Frantziak Josu Urrutikoetxeari, eta eskumuturreko telematikoa kendu dio
Urrutikoetxea Parisetik Angelura (Ipar Euskal Herria) joan da familiarekin, baina astean hirutan polizia-etxera joan behar izango du, kautelazko neurri gisa.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Justiziak eskumuturreko telematikoa kendu dio Josu Urrutikoetxeari. Neurri horrekin etxean espetxeratuta zegoen iragan 2020ko uztailetik Parisen, eta espetxe-onura horri esker familiarekin batera joan da Angelura (Ipar Euskal Herria). Hala ere, kontrol hori kendu dioten arren, Urrutikoetxeak kautelazko neurriak betetzen jarraitu beharko du, eta astean hiru aldiz aurkeztu beharko da polizia-etxean.
70 urteko ETAko buruzagi ohia 2019ko maiatzean atxilotu zuten Sallanchesen, Frantziako Alpeetan, ia 17 urtez klandestinitatean egon ostean. Urte horretako ekainean, Frantziako Apelazio Auzitegiak behin-behinean aske utzi zuen, osasun arrazoiengatik, baina La Santeko espetxea uzten ari zela, berriro atxilotu egin zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak hainbat arrazoirengatik errekeritzen zuela baieztatu ondoren.
Hain zuzen ere, uztailean, 11 hildako utzi zituen Zaragozako kuartelaren aurka 1987an egindako atentatuagatik auzipetu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak.
Parisko Kasazio Gorteak 2020ko azaroan atentatu horregatik Espainiako Estatuari behin betiko entregatzeko baimena eman zuen, baita ETA herriko tabernen bidez ustez finantzatzeagatik zabaldutako auziagatik ere.
Auzitegi Nazionalak gizateriaren aurkako delituei buruzko auzian Urrutikoetxea ere auzipetzea eskatu zuen, erakunde armatuko beste buruzagi ohi batzurekin batera. Hala ere, kasu horretan, Frantziako agintariek ukatu egin zioten Espainiako Estatuari itzultzea.
Iraileko epaiketa
Josu Urrutikoetxea Frantzian izango duen azken epaiketaren zain dago, irailerako aurreikusita dagoena. Orduan erabakiko dute Frantziako agintariek ETAko buruzagi ohia Espainiako Estatuaren esku utziko duten ala ez.
Epaiketa aurtengo otsailerako programatuta zegoen, 2002 eta 2005ean jazotako gertakari batzuengatik, baina, azkenean, atzeratu egin behar izan dute, osasun arrazoiengatik zenbait lekuko ezin zirelako bertaratu.
Gertaera horiengatik, bost urteko kartzela-zigorra ezarri zioten lehen auzialdian Urrutikoetxeari, "gaizkile terroristen elkarteko" kide izatea egotzita. Hala ere, in absentia ebatzi zutenez, berriz ere aurrez aurre epaitzeko eskatu zuen.