Politika -
PSOEko Kongresu Federala
Patxi Lopez: 'Euskal sozialisten pisua sendotu egin da'
PSOEren zuzendaritza berrian izango duen papera lehendakari ardurarekin guztiz bateragarria izango dela ziurtatu du lehendakariak.
Iñigo Herce | Sevilla
Patxi Lopez lehendakaria pozik azaldu da Sevillan sozialistak Kongresua egiten ari diren "Renacimiento" hotelean. Alfredo Perez Rubalcabak osatu duen zuzendaritzan, lehendakariak Harreman Politikorako Idazkaritza izango du. Kudeaketa zuzenik gabeko ardura baina esanahi politiko haundikoa.
Izan ere, orain arte sozialisten barne organigraman ez zegoen idazkaritza da, eta Patxi Lopezi neurrira egin zaion trajea da, egun Jaurlaritzan duen ardurarekin bateragarri izateko. Rubalcabari eskainitako babesak saria izan du, eta euskal sozialisten papera indartuta atera da Sevillako kongresutik.
Alderdi barruko zuzendaritza federalean egotea, "euskal sozialismoaren paperaren eta dugun pisu politikoaren aitorpena da", Patxi Lopezen esanetan. "Alfredok ondoan nahi gaitu aholkularitza politikoa emateko", gaineratu du lehendakariak.
Bere ardura berria eta lehendakaritzako lanak bateragarriak izango diren galdetuta, Lopezek ez du zalantzarik utzi nahi izan. "Bateragarriak izango ez balira, ez nuke onartuko. Nire lehentasuna lehendakari izaten jarraitzea da", adierazi du.
Hartuko duen ardura berriak ez du alderdi barruko kudeaketa lanik eskatuko eta horrek "ez dit atentzioa kenduko izan behar dudan lekutik", Lopezen esanetan.
Kazetariekin izandako solasaldian, Patxi Lopezek onartu du bere funtzio berriak kritikak sor litzakeela Euskadin, beste alderdiek lehendakari lanak alde batera uztea leporatu liezaioketelako. "Baina zuzendaritzan parterik izango ez banu, ordea, alderdian inungo pisurik ez izatea leportatuko lirateke", esan du.
Zuzendaritza berritik "jausi" den buruzagia Rodolfo Ares da. Aurreko Exekutiba Federaleko kide zen, eta Rubalcabarengandik kongresuan erakutsi duen gertutasuna ikusita, askok uste zuten zuzendaritza berriko kide izango zela. Azkenean, ordea, euskal sozialisten "kuota" Lopezek osatuko du.
Eduardo Madina diputatu bizkaitarrak ere jarraituko du zuzendaritzako kide izaten, baina bokal moduan eta idazkaritzarik gabe. Nafarroako sozialistek kide bat izango dute Exekutiba berrian, Juan Moscoso Kongresuko diputatua, Erlazio Europarren idazkari izango da.
Eguigurenek Batzordea utzi du
Jesus Eguiguren Gipuzkoako PSE-EEko presidenteak PSOEko Batzorde Federala utzi du berak horrela eskatu duelako, PSOEko iturriek Europa Press albiste agentziari esandakoaren arabera. Eguigurenek bost urte zeramatzan batzorde horretan.
Iturri berberen esanetan, Eguigurenek gazte jendeari lekua uzteko aldegin du, Susana Corcuera Gipuzkoako Udal Politikako arduradunari, adibidez. Corcuera Batzordeko bost euskal kideetako bat izango da.
Rubalkaba: alderdia sendotu egin da
PSOEko Kongresuaren osoko bilerak % 80,42ko babesa eman dio Alfredo Perez Rubalcabak osatutako Exekutibari.
Emaitza hori aintzat hartuta, alderdia lehen baino bateratuago dagoela frogatzen duela azpimarratu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak. Bere hitzetan, alderdia hazi egin da eta ikuspegi zabalagoa du. Horrek, oposizio lanetan arduraz eta herriaren onerako aritzea erraztuko die.