Politika -
PSOE-ren Kongresu Federala
PSOEren zuzendaritza berria lehen aldiz batzartuko da gaur
Zita izapidea izango da, baina baliteke Rubalcabak bere 'ibilbide orria'ren ildo nagusiak prestatzeko erabiltzea.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusi berriaren zuzendaritza lehen aldiz batzartuko da gaur goizean, asteburuan Sevillan egindako Kongresu Federalean osatu eta gero.
Bilera 11:00etan hasiko da, PSOEren egoitza nazionalean, Madrilgo Ferraz kalean.
Zita izapidea izango da, baina baliteke Rubalcabak bere 'ibilbide orria'ren ildo nagusiak prestatzeko erabiltzea.
Zuzendaritza berria osatzeko negoziazioak oso luzeak izan ziren, eta larunbatetik iganderako goizaldean egin zituzten.
Kritika ugari entzun dira hautatutako kideen harira. Izan ere, Rubalcabak ez ditu Chaconen aldekoak barneratu zuzendaritza berrian. 28tik, pare bat kide baino ez. Nolanahi ere, zuzendaritzak % 80,42ko babesa jaso zuen Kongresu Federalean.
Elena Valenciano idazkariorde nagusi izendatu zuten, eta Patxi Lopez lehendakaria, Harreman Politikoen idazkari.
Ares, Eguiguren, Madina eta Moscoso
Zuzendaritza berritik "jausi" den buruzagia Rodolfo Ares da. Aurreko Exekutiba Federaleko kide zen, eta Rubalcabarengandik kongresuan erakutsi duen gertutasuna ikusita, askok uste zuten zuzendaritza berriko kide izango zela. Azkenean, ordea, euskal sozialisten "kuota" Lopezek osatuko du.
Eduardo Madina diputatu bizkaitarrak ere jarraituko du zuzendaritzako kide izaten, baina bokal moduan eta idazkaritzarik gabe. Nafarroako sozialistek kide bat izango dute Exekutiba berrian, Juan Moscoso Kongresuko diputatua, Erlazio Europarren idazkari izango da.
Bere aldetik, Jesus Eguiguren Gipuzkoako PSE-EEko presidenteak PSOEko Batzorde Federala utzi du berak horrela eskatu duelako, PSOEko iturriek Europa Press albiste agentziari esandakoaren arabera. Eguigurenek bost urte zeramatzan batzorde horretan.
Iturri berberen esanetan, Eguigurenek gazte jendeari lekua uzteko aldegin du, Susana Corcuera Gipuzkoako Udal Politikako arduradunari, adibidez. Corcuera Batzordeko bost euskal kideetako bat izango da.