Politika -
Garzonen aurkako epaiketa
Frankismoko biktimek egia jakin nahi dute, 'mendeku gogorik gabe'
Frankismoko errepresaliatuen senideek Administrazioak eta Justiziak "beste toki batera begiratu" dutela salatu dute.
Erredakzioa
Baltasar Garzoni frankismoko hilketak eskumenik gabe ikertu dituela leporatuta egiten ari zaizkion epaiketa astelehen honetan hasi da berriro Auzitegi Gorenean, Olga Alcegaren (fusilatu baten biloba) testigantzarekin. Alcegaren hitzetan, biktimek "ez dute mendeku gogorik", baina "egia jakiteko eskubidea" dutela aldarrikatu du.
Emakume hori gaur deklaratu duten lau lekukoetatik lehena izan da. Auzitegi Nazionaleko epailea 20 urteko inhabilitazio eskariari aurre egiten ari zaio, ustezko prebarikazio delitu batengatik, Manos Limpias sindikatuak akusatuta; Fiskaltza, aldiz, ez dago akusazio gisa epaiketa honetan.
Alcegak adierazi duenez, Nafarroako Senideen eta Desagertuen Elkarteak (bera elkarteko kidea da) salaketa bat aurkeztu zuen, 2008an, Auzitegi Nazionalean, Nafarroan 3.452 pertsona aurkitzea eskatzeko. "Horiek guztiek desagertuta jarraitzen dute egun", gaineratu du.
Olga Alcega Madurgaren hitzetan, gizateriaren aurkako delituek ez dute preskribatzen, eta "guztiek beste toki batera begiratu izana" deitoratu du; administrazioek, gizartearen zati batek eta epaitegi batzuek "ez dute interesik" agertu.
Epaiketari bihar ekingo diote berriro, beste hiru lekukoren testigantzekin, eta ostegunean epaiaren zain geldituko da.