Politika -
Omenaldia Andoainen
Pagazaurtundua: 'Derrigorrezkoa da ETAk kaputxak kentzea'
Andoaingo PSE-EEko kideek Joseba Pagazaurtundua omendu dute gaur goizean, ETAk hil zuela bederatzi urte bete direnean.
Erredakzioa
Andoaingo PSE-EEko kideek Joseba Pagazaurtundua omendu dute gaur goizean, ETAk hil zuela bederatzi urte bete direnean. Ekitaldian, Maite Pagazaurtunduak kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei, "ETAren estrategiaren morroi" ez bihurtzeko.
Kontzientzietan jendeak beldurra du oraindik, eta guk ETAren estrategiaren aurrean libre izateko eskatzen diegu herritarrei, bai libre sentitzen direnei bai libre sentitzen ez direnei: gauzak diren bezala ikusten saiatzeko eskatzen diegu, eta bidean topatzen ditugun trikimailuetan ez jauzteko", esan du.
Maite Pagazaurtunduarekin batera, Andoaingo Udaltzaingoaren buru izan zenaren alarguna eta PSE-EEko hainbat kide izan dira hura oroitzeko Andoainen jarritako eskulturaren aurrean egin duten omenaldian.
Pagaza'ren arrebak esan duenez, "Euskadiko eta Nafarroako gizartearentzat aro berri bat ireki nahi bada, beharrezkoa izango da ETAk kaputxak kentzea". "Desegin egin behar dira", azpimarratu du. ETAren hilketen % 40 "ez dira oraindik argitu", eta biktimek "egia" behar dute, gaineratu du.
Larunbat honetan, 12:00etan, Andoaingo plazan, haren familiak ekitaldi berezi bat egingo du. Horren harira, Estanis Amutxategi Andoaingo alkate ohiak biktimak ez ahazteko eskatu die herritarrei.