Politika -
Manifestazioa Bilbon
Euskal presoen etxeratzea eta salbuespen legediaren amaiera eskatu dute ehunka lagunek Bilbon
Sarek azpimarratu du euskal presoak Euskal Herriratzeko ezinbestekoa dela presoei araudi arrunta aplikatzea eta graduz aldatzeko aukera ematea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehunka pertsona atera dira kalera Bilbon, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekar ditzatela eta legedi arrunta aplikatu diezaietela eskatzeko.
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Sare herritarrak antolatu du eta Bilboko Konpartsen babesa izan du. Pandemiari aurre egiteko prebentzio neurriak beteta, hiru zutabetan abiatu dira manifestariak Moya plazatik, 19:30 inguruan.
Martxa amaitu ostean irakurritako adierazpenean, Sarek nabarmendu du dispertsio politika amaitzeko "urrats garrantzitsuak" eman direla, azken urtean preso ugari hurbildu dituztelako.
Alabaina, presoak hurbilago egotea nahikoa ez dela adierazi dute, gehienak oraindik ere Euskal Herritik kanpoko kartzelatan daudela salatuta. Euskal presoen etxeratzea gauzatzeko ezinbestekotzat jo dute presoei graduz aldatzeko eskubidea aitortzea, araudi arrunta ezarrita.
Ildo berean, Bilboko Konpartsek "salbuespeneko espetxe politikaren amaiera" galdegin dute, "horrek oztopatzen baitu euskal preso guztien etxeratzea".
Sarek presoen aldeko mobilizazio dinamikarekin jarraituko du eta manifestazio nazionala deitu du datorren urriaren 23rako Donostian.