Politika -
'Parot doktrina'
Patxi Gomez ETAko preso ohia atxilotu dute Bilbon
Patxi Gomezek 20 urte egin zituen preso eta 2009an atera zen kartzelatik; orain beste 10 urterako espetxeratuko dute, 'Parot doktrina' delako ezarrita.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak Patxi Gomez Lopez ETAko preso ohia atxilotu du goizean Bilbon, 'Parot doktrina' delakoa aplikatu ziotela eta, berriro espetxeratzeko.
Patxi Gomezek 20 urteko espetxe-zigorra bete zuen ETAko kide izatea, lehergaiak eramatea eta hilketa-saiakera leporatuta. 1989an sartu zuten preso eta 2002an kalera atera zen, zigorraren 3/4ak bete ostean. Urtebete eta lau hilabete geroago berrio atxilotu zuten, Auzitegi Nazionalak espetxe-zigorra 2006an amaitzen zela argudiatuta.
Alabaina, zigorra bukatu baino hilabete lehenago 'Parot doktrina' delakoa aplikatu eta kartzelaldia 30 urtera arte luzatu zioten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi zuenez. 2009ko apirilean, berriz, Zigor Kode berria aplikatu zioten eta askatasuna berreskuratu zuen.
2009ko azaroan, Fiskaltzak eskatuta, Auzitegi Gorenak Patxi Gomez berriro beste 10 urterako espetxeratu behar zutela ondorioztatu zuen, 'Parot doktrinak' ezartzen dituen 30 urteak betetzeko.
Bizitza publikoa eta normala
Auzitegi Gorenaren epaia ezagutarazi ostean, Patxi Gomezek agerraldia egin zuen komunikabideen aurrean ihesari emango ez ziola eta bizimodu publikoa eta normala egingo zuela azpimarratzeko.
Orduz geroztik bizitza normala egin du eta hainbat prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan parte hartu du.