Politika -

Araba

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Ander Garcia PPko militantearen aurkako erasoa gaitzetsi dute

Erasoa "irmo" gaitzetsi du Josu Erkoreka lehendakariordeak sare sozialetan. Era berean, Gasteizko Udalbatzako talde politiko guztiek, EH Bilduk salbu, testu bat babestu dute, erasoa "gaitzetsi eta arbuiatzeko".

Gasteizko Udala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Udala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Udala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko PPren militante baten aurkako erasoa "irmo" gaitzetsi du Josu Erkoreka lehendakariordeak sare sozialetan, eta "arrazoi politikoengatik" izan zela ematen duela erantsi du.

20 urteko gazte bat atxilotu zuten larunbat gauean, Gasteizen, PPko kideari kalean eraso egitea egotzita.

Asteburuan atxilotutako pertsona epailearen esku utzi du Ertzaintzak. Erkorekaren esanetan, "erasoa arrazoi politikoengatik gertatu zela ematen du"; horregatik, "irmo" gaitzetsi du.

"Euskal gizarte heldu batean, pertsonak bizikidetza horrela mespretxatzea onartezina da eta, are gehiago, indarkeriaren marra gorria zeharkatzea norbaitek ideologia ezberdina izateagatik soilik", kritikatu du Segurtasun sailburuak.

Era berean, lehendakariordeak Ander Garciari elkartasuna adierazi dio, baita Alderdi Popularrari ere.

Alderdi guztiek onartezintzat jo dute PPko militante batek Gasteizen jasandako erasoa
Alderdi guztiek onartezintzat jo dute PPko militante batek Gasteizen jasandako erasoa
Alderdi guztiek onartezintzat jo dute PPko militante batek Gasteizen jasandako erasoa

1:20

Gasteizko Udalak ere erasoa gaitzetsi du. Udalbatzako talde politiko guztiek, EH Bilduk salbu, testu bat babestu dute, erasoa "gaitzetsi eta arbuiatzeko".

"Gertakariek bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua nortasun ikur dituen hiria ez dute ordezkatzen", gaineratu dute alderdiek. Aldi berean, gazteari eta alderdikideei "hurbiltasuna eta babesa" adierazi diete.

Nahiz eta EH Bilduk testua ez babestu, Felix Gonzalez koalizioko bozeramaileak erasoa "arbuiatu" du sare sozialetan, eta Garciari "elkartasuna" adierazi dio. Era berean, Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak gertatutakoa "guztiz onartezina, arbuiagarria eta gaitzesgarritzat" jo du.

Hala ere, EH Bilduk 'gaitzespen' hitza erabili ez izana deitoratu du Leticia Comeron PPko bozeramaileak. Erasoa "ideologiak bakarrik" eragin duela uste du Comeronek. Horregatik, "indarkeria hori modu koldarrean babesten jarraitzea" aurpegiratu dio EH Bilduri.

PPko militantearen erasoa argi eta garbi gaitzesteko eskatu dio Iturgaizek EH Bilduri
PPko militantearen erasoa argi eta garbi gaitzesteko eskatu dio Iturgaizek EH Bilduri
PPko militantearen erasoa argi eta garbi gaitzesteko eskatu dio Iturgaizek EH Bilduri

0:28

Bestalde, Gorka Urtaran alkateak gertatutakoa gaitzetsi du: "Aski da, ezberdin pentsatzen duenaren aurka indarkeria erabiltzen ezin dute jarraitu, sexu, jatorri edo arraza desberdina duenaren kontra". "Pertsonen arteko harremanak askatasun, berdintasun eta giza eskubideenganako errespetuan oinarritu behar dira beti", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Herriak eta Hiriak Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak