Politika -
Elkarrizketa ETBn
Calparsoro: 'Goiz da umeak lapurtzeko sare bat zegoela pentsatzeko'
EAEko fiskalburuak azpimarratu du ume lapurtuen auziak "azkeneraino" ikertuko dituztela.
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak adierazi du ume lapurtuen auziak "azkeneraino" ikertuko dituztela, baina "sare" bat exisititu zela esateko "goiz" dela gaineratu du.
ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketan, Calparsorok azaldu du ume lapurtuen kasu salatuak ikerketa fasean daudela oraindik, eta auzian nahasita daudenak deklaratzen ari direla hainbat epaitegitan.
Oraingoz, baina, ez dute inor inputatu formalki.
Bere esanetan, orain arte ireki dituzten eta barruan gorpurik topatu ez duten hobien kasuan "susmo handiak" daude, baina beste salaketa askok ez dute "oinarri sinesgarririk".
Justizia Saileko irregulartasunak
Bestalde, Calparsorok esan duenez, Eusko Jaurlaritzak aurreko Justizia Sailean ustez egindako irregulartasunak salatzeko Fiskaltzari aurkeztutako txostena "oso landua da" eta "xehetasun" asko jasotzen ditu, hori dela eta, "ikerketa egin behar da", erantsi du.
Elkarrizketan, Jaurlaritzak Fiskaltzari informatika kontratuen ustezko irregulartasunen inguruan igorritako txostena "ongi landua" dagoela azpimarratu du calparsorok, eta hortaz "ikerketa bat egin behar" dela, izan ere, kontratu horiengatik 23 milioi euro ordaindu ziren.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak joan den astean ohartarazi zuen Justizia Sailean atzemandako "irregulartasun larrien" inguruan. 2000 eta 2009 artean, Saila Joseba Azkarragaren gidaritzapean zegoenean, kontratu informatikoetan irregulartasunak atzeman zituztela esan zuen Mendiak, eta 23 milioi euro ingurukoak zirela.