Politika -

Terrorismoa

Parot ETAko presoaren biktimak omentzeko ekitaldiak egingo ditu AVTk Donostian eta beste hiru hiritan

Donostian, Madrilen, Zaragozan eta Granadan izango dira omenaldiak, irailaren 18an, Sarek Arrasaten presoari elkartasuna adierazteko martxa deitu duen egun berean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Henri Parot ETAko kide ohiaren biktimak omentzeko ekitaldiak antolatu ditu irailaren 18rako, larunbaterako, Donostian, Donostian, Zaragozan eta Granadan; izan ere, Sare plataformak martxan bat deitu du egun horretarako Arrasaten, presoari elkartasuna adierazteko.

"Parot hiltzaile bat da, ez heroi bat" leloarekin, AVTk ohar baten bidez jakinarazi ditu atentatuak izan ziren lekuetan etakidearen biktimei omenaldiak egiteko deialdiak; besteak beste, elkarteak lore eskaintza bat egingo du eta manifestu bat irakurriko du Donostiako Alderdi Ederreko lorategietako terrorismoaren biktimen aldeko monumentuan.

"Gizarte osasuntsu batek ezin du onartu terroristak heroi gisa omentzea. Izan ere, horrelako omenaldiekin benetan bilatzen dutena da preso etarrak denbora baino lehen aske uztea, euren delitu guztiak justifikatuz ", salatu du AVTk.

Hain zuzen ere, aste honetan, Henri Paroten zigorraren beste likidazio bat egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak, defentsak hala eskatuta, eta urtebete eta bederatzi hilabete murriztu du, 2006 eta 2007 bitartean behin-behineko espetxealdian egon zen denbora kontuan hartuta.

Lau mila urte baino gehiagoko kartzela-zigorra ezarri zioten Paroti, atentatu ugari egiteagatik, baina, horrela, 2029ko uztailaren 10ean beteko du presoak zigorra.

80ko hamarkadan jardun zuen ETAko talde ibiltariko kide izandakoa da, eta bere izena Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera ezaguna da. Doktrina horrekin, hainbat presok kartzelatik irtetea atzeratu zuten, eta Estrasburgoko Auzitegiak baliogabetu egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Parot Doktrina Politika Donostia Presoak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak