Politika -
Segurtasuna
Barne Ministerioak gorroto-delituen aurkako taldeak sortuko ditu Espainiako Polizian eta Guardia Zibilean
Delituaren prebentzioan arreta gehiago jarriko da, arriskua aztertzeko tresnen bidez. Gauzak horrela, gorroto-delituen eta istiluen biktimei laguntzea izango da helburu nagusia, 2014tik % 9 inguru hazi baitira urtero.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak gorroto-delituen aurkako talde espezifikoak sortuko ditu Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio-unitateetan, eta biktima horien arriskua ebaluatzeko tresnak garatuko dira, gaur egun genero-indarkeria kasuetan egiten den bezala.
Hain zuzen ere, gorroto-delituen aurkako ekintza planaren jarraipen batzordean adostutako bi neurri nagusiak dira horiek. Izan ere, premiazko bilera egin dute ostiral honetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea buru zela.
Barne Ministerioak ohar batean azaldu duenez, bilera horretan, bigarren ekintza-planaren ardatz nagusiak aztertu dituzte. Zehazki, 2022tik 2024ra bitartean egongo da indarrean, eta gorroto-delituen eta istiluen biktimei laguntzea izango du helburu, 2014tik % 9 inguru hazi baitira urtero.
Horrez gain, Estatuko segurtasun-indarren eta autonomia-erkidegoetako zein tokiko polizien arteko koordinazio-mekanismoak ere indartuko dira, eta delituaren prebentzioan arreta gehiago jarriko da, arriskua aztertzeko tresnen bidez.
Gainera, 2018an sortutako Gorroto-Delituen aurka Borrokatzeko Espainiako Bulegoan lan egiten duen lan-taldea handituko da, eta lehen planean jasotako ekimen batzuk mantenduko dira, hala nola segurtasun indarretako eta kidegoetako kideen prestakuntza eta sentsibilizazioa.
Testuinguru horretan, erakundeekin lankidetzan aritzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Fernando Grande-Marlaska ministroak, eta ijitoen aurkako gorroto-delituei aurre egiteko "espezifikoki" lan egin behar dela gaineratu du, 2020an % 57 baino gehiago igo baitziren.
Bilera horretan, Espainiako Polizia eta Guardia Zibileko, Berdintasun Ministerioko, Fiskaltzako, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Espainiako Behatokiko, Udalerrien eta Probintzien Estatuko Federazioko eta hainbat kolektibotako ordezkariak izan dira.