Politika -
Auzitegi Nazionala
15 urteko beste espetxe-zigor bat onartu du Marisol Iparragirrek
Gertakariak aitortu ondoren, ETAko buruzagi ohiaren abokatuak eta fiskalak akordioa adostu dute. Horrela, fiskalak 27 urtetik 15 urtera jaitsi du bere eskaera, 1997an Juan Carlos erregearen hilketa agintzeagatik.
Agencias | EiTB Media
Marisol Iparragirre Anboto ETAko buruzagi ohi historikoak 15 urteko beste kartzela-zigor bat onartu du Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, 1997an, Bilbon, Guggenheim Museoaren inaugurazioan Juan Carlos erregea hiltzeko agindua emateagatik.
Gertakariak aitortu ondoren, ETAko buruzagi ohiaren abokatuak eta fiskalak akordioa adostu dute. Horrela, fiskalak 27 urtetik 15 urtera jaitsi du bere eskaera koroaren aurkako delitua (erregea hiltzeko konspirazioa) eta armak gordetzea egotzita. Akusatuak akordioa onartu du.
Josu Urrutikoetxearekin batera, Anboto-k ETAren desegite iragarpenari ahotsa jarri zion 2018an. 2004an atxilotu zuten Frantzian, Mikel Antza Albisu bikotekidearekin batera.
2019ko irailaren 4an Frantziako buruzagiek Espainiaren esku utzi zuten, han zigorra bete ondoren. Espainian 12 auzi zabalik zituen. Astearte honetako epaiketarekin dagoeneko zortzi egin dizkiote Auzitegi Nazionalean. Jadanik sei zigor eta 260 urte pilatu ditu. Bi aldiz, ostera, absolbitu egin dute, eta beste lau epaiketa zain ditu.
Aldeen arteko akordioaren ostean, epaiak zigortuko duela jakinarazi dio aretoko presidenteak akusatuari.