Politika -

Elkarrizketarako mahaia

Aldenduta daudela aitortuta, epemugarik gabeko elkarrizketaren alde egin dute Aragonesek eta Sanchezek

Pere Aragones eta Pedro Sanchez bi orduz egon dira bilduta Generalitateko Jauregian. Kataluniako presidenteak berretsi egin du konponbidea adostutako erreferendumaren eta amnistiaren bidetik iritsiko dela.

Pedro Sanchez eta Pere Aragones Generalitateko Jauregian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Pere Aragones Generalitateko Jauregian. Argazkia: EFE
Sanchezek eta Aragonesek urrun daudela baieztatu dute, baina hitz egiten jarraituko dute

4:16

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez eta Pere Aragones bi orduz bildu dira Generalitateko Jauregian. Elkarrizketarako mahaiaren bileren egutegia eta metodologia zehaztu dituzte bi presidenteek eta ondoren batzartu dira Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen ordezkaritzak.

Sanchez ohore guztiekin hartu dute Generalitateko Jauregian. Auto ofizialean iritsi denean Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagia izan du zain, eta Aragonesek Jauregiaren atarian egin dio harrera.

Elkar agurtu eta komunikabideen aurrean agerraldi laburra egin ostean, Aragonesen bulegora joan dira bilera egiteko.

Bi orduko batzarraren ostean, Sanchezek agerraldia egin du eta aitortu du bi gobernuak "oso aldenduta" daudela, Kataluniako gatazka politikoaren konponbideari dagokionez; izan ere, Generalitateak autodeterminazio eskubidea onartzea eta amnistia ematea eskatzen ditu soluzio moduan, baina Espainiako Gobernuarentzat bi aldarrikapen horiek onartezinak dira.

Hala ere, Sanchezek adierazi du bi aldeek jakin badakitela konpobidea ez dela egun batetik bestera iritsiko eta, beraz, "epemugarik ezarri gabe" lan egiteko apustua egin dutela jakinarazi du.  

"Garrantzitsuena aurrera egitea da, datarik jarri gabe, eta elkarrizketarako mahaia soluzioak bilatzeko tresnarik onena da", azpimarratu du.

"Berriz elkartzeko agenda" izeneko dokumentua helarazi dio Sanchezek Aragonesi, akordio batera heltzeko erabilgarri izango delakoan. Dokumentu horretan Generalitateak azken urteetan egindako aldarrikapenei buruzko proposamenak bildu ditu Espainiako Gobernuak. Autodeterminaziorako eskubidea eta amnistia, baina, kanpoan utzi ditu.

"Guretzako erreferenduma eta amnistia ezinezkoak dira, Konstituzioan jasota ez daudelako eta Kataluniako gizartea gehiago zatitzerik nahi ez dugulako", azpimarratu du Sanchezek.

Sanchezen ondotik egin du agerraldia Aragonesek eta berak ere aitortu desadostasun handiak dituztela bi gobernuek, baina elkarrizketaren aldeko apustua defendatu du, negoziaketa prozesuak "luze" joko duela ohartarazita eta "pazientzia" eskatuz.

Gatazka politikoa dela eta irtenbideak "politikoa eta demokratikoa" behar duela izan nabarmendu du. Ildo horretan, berretsi egin du erreferenduma eta amnistia direla Generalitatearen aldarrikapen nagusiak.

Elkarrizketarako mahaia

Presidenteen arteko bileraren ondotik batzartu dira bi gobernuen ordezkaritzak eta amaieran ohar bana publikatu dute nork bere aldetik. Aurrerantzean bilera gehiago egingo dituztela eta diskretuak izango direla zehaztu dute, besteak beste.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak Felix Bolaños Presidentzia ministroa, Yolanda Diaz presidenteordea, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroa eta Miquel Iceta Kultura ministroa dira.

Kataluniako Gobernuaren ordezkaritza, berriz, ERCko kideek soilik osatzen dute: Aragones presidenteak eta Laura Vilagra eta Roger Torrent kontseilariek, hain zuzen.

Junts per Catalunyak lau ordezkari izendatu zituen: Jordi Puignero presidenteordea, Jordi Sanchez eta Jordi Turull alderdiko buruzagiak eta Miriam Nogueras Kongresuko bozeramailea. Alabaina, Aragonesek azken hiru horien izendapenak atzera bota zituen, Generalitateko karguak ez direlako.

JxCatek uko egin zion beste pertsona batzuk proposatzeko aukerari eta, beraz, ez du elkarrizketarako mahaian parte hartuko. Beto horren atzean Espainiako Gobernua dagoela salatu zuen atzo.

Gauzak horrela, independentismoak zatituta ekin dio Kataluniako gatazka politikoari konponbidea emateko asmoz Espainiako Gobernuarekin abiatuko duen elkarrizketa prozesuari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea