Politika -
XVII. Batzorde Nazionala
PPren Batzorde lasaiena
Alderdiak hasiera eman dio XVII. Batzorde Nazionalari. Besteak beste, homosexualen eskubideak eztabaidatuko dituzte.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak (PP) hasiera ema dio arratsaldean Sevillan XVII. Batzorde Nazionalari. Bertan, Mariano Rajoy eta Maria Dolores de Cospedal berriz ere izendatuko dituzte alderdiko presidente eta idazkari nagusi, hurrenez hurren.
Batzordea giro lasaian eta alaian da nagusi. Izan ere, PPk inoiz baino botere gehiago dauka, Espainiako Gobernuan eta erkidego gehienetan gobernatzen baitu.
Horrenbestez, PPko Zuzendaritzan aldaketa batzuk egitea, Espainiako Gobernuaren erreformak babestea eta Andaluziako hauteskundeei begira Javier Arenasen hautagaitza sustatzea izango dute helburu batik bat.
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak txosten politikoa idatzi du, eta Alfonso Alonso arabarrak aukera asko ditu Zuzendaritzaren parte izateko, PPk Kongresuko bozeramaileak gaineratu ohi baititu.
Seguru asko, Zuzendaritza berrian ez da ministrorik izango, baina bai baroiren bat.
Batzordean, 'popularrek' bost txosten eztabaidatuko dituzte: Estatutuak, Politika, Ekonomia, Gizartea eta Europa eta Atzerri Politika.
Besteak beste, ustelkeria zigortzea, kode deontologikoa zorroztea eta alderdiko kideen ondasunen kontrola indartzea eztabaidatuko dute.
Gainerako txostenetan, Gobernuaren erreformak defendatu, eta hauteskunde kanpainako promesak errepikatu dituzte.
Nolanahi ere, gai "polemiko" batzuk ere hartuko dituzte hizpide, hala nola homosexualak aitortzea eta PPren deskribapenetik "kristau" hitza kentzea (gaur egun, alderdiak humanisno kristaua duela oinarri diote estatutuek).
PPren iturrien esanetan, alderdikideek homosexualen eskubideak errespetatzea eta diskriminazioa gaitzestea adostuko dute, baina "ezkontza" aipatu gabe, duela urte batzuk Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitearekin kontraesanak ez sortzeko.
Gainera, Andaluziako hauteskundeei buruzko mahainguru bat egingo dute, eta Manuel Fraga omenduko dute, dokumental eta erakusketa batekin.