Itxi

2021/09/18

14:39

Politika

ETA-KO BIKTIMAK

Antifaxisten kontrako kargekin amaitu da Voxek Arrasatera egindako bisita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

81 urteko gizonezko bat zauritu da, erori eta buruan kolpea hartuta. Lekukoen arabera, kargetatik ihesi zihoan talde batek talka egin du berarekin eta erori egin da lurrera.

  • Voxek Arrasaten egin duen elkarretaratzea. Argazkia: Ane Goñi | EITB Media

    Voxek Arrasaten egin duen elkarretaratzea. Argazkia: Ane Goñi | EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Tentsio uneak eta poliziaren kargak bizi izan dira gaur eguerdian Arrasaten, Terrorismoaren kontrako Ahotsak elkarteak Voxen babesarekin "Unai Parot ETAko kidearen biktimen omenez" antolatu duen elkarretaratzearen harira. Adineko bat zauritu da liskarretan.

Arizmendiarrieta plazan egin dute Voxeko ekitaldia, 1936an frankistek Deba Goienan fusilautako 124 pertsonen omenezko monolitoak dauden tokian, hain zuzen ere. Hala, bisitaren aurretik, Intxorta 1937 elkarteko kideek oihal beltzez estali dituzte eskulturak, dolua agertzeko.

Kolektibo antifaxistak ere bisitaren kontrako protesta egin du Vox iritsi aurretik, "faxismoaren aurrean, antolakuntza eta borroka" leloa zeraman pankartarekin, herriko plazan.

Sare Antifaxistaren kontzentrazioa Arrasaten. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi | EITB Media

Sare Antifaxistaren kontzentrazioa Arrasaten. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi | EITB Media

Santiago Abascal Voxeko presidentea Javier Ortega Smith eta Macarena Olonarekin batera izan da Arrasaten. Sare presoen eskubideen aldeko plataformak gaurko deituta zuen elkartasun martxaren harira deitu zuen eskuin-muturreko alderdiak gaurko ekitaldia bertan.  Biziarteko espetxe zigorra ahalbidetzen duen legediaren kontra deitu zuen bere ekitaldia Sare presoen eskubideen aldeko herri plataformak, baina sortutako anabasaren ondoren, bertan behera uztea erabaki zuen atzo. Voxek, baina, bere kontzentrazioari eutsi dio.

Abascalek erakundeen "permisibilitatea" eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen "konplizitatea" salatu ditu elkarretaratzean, batzuk "terrorismoa goraipatuz eta ETAren krimen guztiak aldarrikatuz" dabiltzan bitartean.

Santiago Abascal komunikabideen aurrean hizketan. Argazkia: EFE

Santiago Abascal komunikabideen aurrean hizketan. Argazkia: EFE

Ertzaintzaren dispositibo zabal batek zaindu du Voxek eta Terrorismoaren kontrako Ahotsak taldeak deitutako elkarretaratzea, manifestari antifaxistek oihu egiten zieten bitartean. Francisco Jose Alcaraz Vox alderdiko diputatua da Terrorismoaren kontrako Ahotsak elkarteko presidentea. Alcaraz 1987an Zaragozako kuartel-etxearen aurkako atentatuan hildako hiru pertsonaren anaia eta osaba da. Unai Paroti egozten zaio atentatu hura.

Voxen aldekoak Arrasaten. Argazkia: EFE

Voxen aldekoak Arrasaten. Argazkia: EFE

Ultraeskuindarren kontzentrazioaren inguruan beste elkarretaratze bat egin dute Sare Antifaxistako kideek, eta tentsio momentuak bizi izan dira, Voxeko jarraitzaileek bilkura amaitu eta autobuserako bidea hartu dutenean.  Bi protestetako jendea elkartu ez zedin, kargatu egin du Ertzaintzak.

Sortu den zalapartaren ondorioz, inguruan zegoen edadeko gizonezko bat erori egin da, eta buruan kolpea hartu du. Anbulantzian eraman dute erietxera. Lekukoen arabera, polizia-kargatik ihesi zihoan pertsona talde batek bota du gizonezkoa.

Arrasaten zauritu den gizona. Argazkia: EFE

Arrasaten zauritu den gizona. Argazkia: EFE

Tentsio uneak bai, baina ez da aparteko istilurik izan, eta egoera berehala etorri da bere onera. Inguruko hainbat denda itxita egon dira tarte batean.

Ordu eta erdi lehenago, Euskadiko PPk ere Paroten biktimen aldeko ekitaldia egin du Arrasaten, ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa eta Julio Iglesias Zamora industriala bahituta eduki zituen lantegiaren ondoan egindako elkarretaratzean. Ekitaldi honetan ez da aparteko arazorik izan, baina PPko buruzagiek "faxistak, kanpora, utzi bakean Arrasate" leloa zuen pintada handi bat zuten zain.

19:00etarako manifestazioa du deituta Sarek Arrasaten, euskal presoei, tartean Unai Parot ETAko kide ohiari, ezartzen zaien "biziarteko espetxe zigorra" salatzeko. 12:00etan izan dira kontzentrazioak Euskal Herriko gainontzeko herrietan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;