Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Langraiz bideko' presoak 'gutxi' saritu dituztela kritikatu dute

Biktimak eta ETAko presoak elkartzeko mintegien koordinatzaileak uste du badaudela "presoek haien artean eztabaidatzearen kontra" dauden pertsonak eta hori "amaitu" egin beharra dagoela.

Langraiz Okako espetxea. Argazkia: EITB
Langraiz Okako espetxea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Etxeberria Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak eta Langraiz Okan biktimak eta ETAko presoak elkartzeko mintegien koordinatzaileak gogor kritikatu du 'Langraiz bidea' hautatu duten ETAko presoak "gutxi" saritu izana. Era berean, koordinatzaileak uste du badaudela "presoek haien artean eztabaidatzearen kontra" dauden pertsonak eta hori "amaitu" egin beharra dagoela.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "penagarria" da mintegian parte hartu duten presoei Gernikako akordioa sinatzen ez uztea.

"Mintegiaren hamabi saioetan hamar bat presok parte hartu zuten batez beste. ETA gaitzetsi duten presoei ETAren amaieraz informazioa eta hezkuntza ematea zen helburua", adierazi du.

"Denak ez daude presoek haien artean eztabaidatzearen alde eta hori amaitu egin behar da. Presoen artean pentsatzen dena baino desadostasun gehiago dago eta eztabaidak, elkarrizketak eta askatasunak orain arte itxita zeuden bideak irekitzen ditu", azpimarratu du.

Etxeberriaren esanetan, batzuk presoen kolektiboko kide guztiek jarrera berdina izatea nahi dute.

Hurbiltzea

Zigorrak non bete beharko lituzketen galdetuta, Etxeberriak esan du interesgarria izango litzakeela ETAko presoak Euskal Herrira eramatea.

"Epe motzean preso gehiagok 'Langraiz bidea' hartzea espero dut", adierazi du, nahiz eta "zaila" izango dela aitortu.

Horren harira, gogor kritikatu du mintegietan parte hartu duten presoak "gutxi" saritu izana eta kartzela-politikan "harago" joateko deia egin du.

"Biktimen ahotsetik gaztaroan gurasorik gabe geratzea, etxea utzi behar izatea… entzutea oso garrantzitsua da ETAko presoentzat. Orain, egindako kaltearen inguruan gogoeta helduagoak egiteko gai dira", azpimarratu du.

Aurrez aurreko bilerak

Etxeberriak jakinarazi duenez, mintegian bi biktimak ETAko hamar presorekin hitz egin dute, eta 3-4 orduko bilera indibidualak ere egon dira biktimen eta ETAko presoen artean.

"Bilerak emozio handikoak dira eta intelektualki oso interesgarriak. Errespetua da nagusi, eta presoek interesa agertzen dute", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea