Politika -
Elkarrizketa
Miren Gorrotxategi: "Neurriak beti arlo berean arintzen dira, zarata gehien ateratzen duen horretan"
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea hitz egiteko eta negoziatzeko prest agertu da, hezkuntzan, aurrekontuetan eta autogobernu lantaldean eta arlo guztietan euren prismatik ekarpenak egiteko asmoz.
O. P. | EiTB Media
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile Miren Gorrotxategik adierazi du "1.001 legeen urte politikoari" gogotsu eta ekarpenak egiteko xedez abiatu duela, "sarri hutsuneekin datozen lege horiek" Elkarrekin Podemosen proiektu ideologikoko elementuekin osatzeko asmoz.
Pandemiari aurre egiteko neurrien inguruan, Gorrotxategik pentsatu nahi luke "erabakiak kriterio zientifikoen arabera" hartzen direla. Hala ere, deitoratu duenez, "neurriak beti arlo berean arintzen dira, zarata gehien ateratzen duenean, aisia eta horren inguruko sozializazioan", baina "badira arreta behar duten beste sektore batzuk ere". Haurrak jarri ditu adibide gisa: "Ez dakit, esaterako, jolastokian libre egin ahalko duten jolas, halako neurriak ez baitira inoiz agertzen LABIaren ebazpenetan".
Hezkuntza legeari eta EH Bilduk murgiltze eredu bakarra eraikitzeko egindako proposamenari dagokienez, azpimarratu du aztertu egin behar dutela proposamen hori. Dena den, horren aburuz, "gaur egungo sistemaren arazo nagusia da ez duela euskalduntzea bermatzen, eta segregazioak areagotu egiten du, gainera, arazo hori". "Euskararako sarbideak bermatuta beharko luke. Eredua dena delakoa izanda ere, helburu gisa eduki beharko luke gizarte elebidun bat lortzea", erantsi du.
Aurrekontu orokorrak hizpide, aurten negoziatzeko aukera izatea espero duela esan du Gorrotxategik, iaz ez baitzen izan. "Aurten, beti bezala, asmorik onenarekin goaz, gure helburua benetan eragitea baita, herri hau eraldatzea, guztientzako eskuragarriagoa eta berdintasunean oinarritutakoa izan dadin", azaldu du.
Aurrekontuak, bere ustez, "gobernu batek eta gizarte batek eraldaketarako duen armarik indartsuenetakoa da", eta, horregatik, euren helburua da "ahalik eta gehien parte hartzea". Oraingoz ez da ausartzen aurrekontuen proposamenak euren babesa lortzeko jaso beharko lituzkeen gutxienekoez hitz egiten; izan ere, "proposamenik ere ez dagoenean lerro gorriez hitz egitea arriskutsua iruditzen zait".
Gainera, espero du Exekutiboa ohartuko zela iaz erabilitako negoziazio ereduak ez zuela funtzionatu. "Aurrekontuen legearen zilegitasuna zabaltzeko akordioak lortzeko borondatea badu, beste modu batera egin behar du", azaldu du.
Autogobernuaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruan, Miren Gorrotxategik nabarmendu du bere alderdiak "bai" esaten diola erabakitzeko eskubideari, "lerro gorririk gabe". Hala ere, horren iritzian, egungo klima politikoa ikusirik, "ez da momentu egokiena autogobernu ponentzia berriro aktibatzeko".
Gorrotxategiren arabera, lehendakariak foruen abolizioa indargabetzeari eta 1839ra itzultzeari buruz egindako hausnarketa "ez da historikoki batere zorrotza". Lehendakariak bere proposamena "akats gisa" onartuko zuela uste du, "ez baitzitzaion inori gustatu, ezta gobernukideei ere".
Autogobernua nazio aniztasuna bideratzeko mekanismotzat hartzen denean, "akats bat da gai historiko esentzialistetan oinarritzea", horren esanetan, eta, azpimarratu duenez, "autogobernuan sakondu nahi dugu, gaur. Iritsiko garen tokira, toki hori dena delakoa izanda ere, egungo borondatearekin eta adostasunekin iritsi behar dugu. Historiak ez digu ezer esaten, iragana azaldu besterik ez", adierazi du.
Horrela, autogobernuaren lantaldea berriro aktibatzen bada, Elkarrekin Podemosek bertan lan egingo duela onartu du, baina ez ditu horretarako baldintzak ikusten. "Jarrera hertsiak eta aurrera egiteko gogo gutxi dago", esan du. Era berean, Katalunia "egin behar ez denaren isla" dela ohartarazi du, "polarizazio sozial izugarria" gertatu baita, "interes orokorrean gutxiegi eta interes alderdikoietan gehiegi oinarrituta pentsatutako jokaldi baten ostean". Horrne arabera, "horretatik urrundu beharko genuke guztiok, erantzukizunez", baina elkarrizketa mahaia zabalik egotea positibotzat jo du.
Miren Gorrotxategiren ustez, ez da oso zentzuduna prozesu bati ekitea jarrerak "hain urrun" dauden sentsazioa izanik. "Zenbat eta zarata gutxiago sortu, orduan eta aukera handiagoa izango da benetako adostasun lana egiteko, eta gaur egungo giroak ez dirudi une egokia denik", argudiatu du.