Politika -
Mendebaldeko Sahara
Gonzalez Laya ministro ohia ikertuko dute Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia Espainian hartzeagatik
Ghali hegazkin mediko batean heldu zen Espainiara, Zaragozako hegazkin-basera, hain zuzen ere, beste pertsona batek lagunduta, Logroñoko San Pedro ospitalean artatzeko, covid-19 larria izan zuelako.
Agentziak | EiTB Media
Rafael Lasala Zaragozako instrukzio epaileak Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministro ohi donostiarra ikertu gisa deklaratzera deitu du, Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia Espainian hartzeagatik. Ghali apirilaren 16an heldu zen Zaragozara.
Gainera, Isabel Valldecabres lekuko gisa deklaratzera deitu du epaileak. Orduan Carmen Calvo Espainiako presidenteordearen kabinete zuzendaria zen Valldecabres, orain Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrikako zuzendari nagusia da.
Antonio Urdiales abokatuaren herri-akusazioak deklaratzera deitzea eskatu zuen irailaren 13an.
Camilo Villarino Atzerri Ministerioko Kabinetearen buruzagi ohiak epailearen aurrean, Zaragozan, onartu zuen ministro ohiak Espainiaratzea errazteko aginduak eman zizkiola.
Ghali hegazkin mediko batean heldu zen Espainiara, Zaragozako hegazkin-basera, hain zuzen ere, beste pertsona batek lagunduta, Logroñoko San Pedro ospitalean artatzeko, covid-19 larria izan zuelako. Errioxako Osasun zerbitzuko anbulantzia batek eraman zuen bertara arte.
Villarinok Lasala epailearen aurrean irailaren 13an azaldu zuenez, Gonzalez Layak "diskreziorik handiena" eskatu zion; izan ere, bidaiaren zabalkunde publikoak Estatuaren nazioarteko harremanei "kalte" egin ziezaiokeen.