Politika -
Hauteskunde autonomikoak
Amaiurreko alderdiak koalizioan aurkeztuko dira EAEko hauteskundeetara
Vocento taldearen arabera, Sortu legezkoa izan edo ez, ezker abertzalea EA, Aralar eta Alternatibarekin batera aurkeztuko da datozen hauteskundeetara eta lehendakarigaia Otegi izatea proposatuko du.
Erredakzioa
Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Aralar elkarrekin joango dira EAEko hauteskundeetara, ordurako Sortu legezkoa izan edo ez, Vocento taldea-k gaur argitaratu duenez.
EAEko hauteskundeak aurreratu litezkeela eta, koalizioa osatzeko bilerak egiten hasi dira jada aipatu indar politikoak. Patxi Lopez lehendakariak behin baino gehiagotan azpimarratu du legealdia amaituko duela eta hauteskundeak 2013an izango direla, baina polo soberanistak ez du ez-ustekorik nahi eta, bada-ezpada, hauteskundeei begira lanean ari da.
Ezker abertzaleak koalizioaren lehendakarigaia Arnaldo Otegi izatea proposatuko omen du. Otegik egun preso jarraitzen du, Bateragune auziagatik.
Vocento taldeak dioenez, koalizioak izen berri bat izango du, baina gai hori aurrerago erabakiko dute.