Politika -

Puigdemonten atxiloketa

Jordi Sanchezek salatu du Espainiako Gobernuak ez duela Kataluniarekin harremanak hobetzeko borondaterik

Puigdemontek 14:00etan deklaratuko du Sassariko apelazio auzitegian (Sardinia), eta bertan erabakiko dute estraditatu ala aske utziko duten.

Jordi Sanchez, artxiboko irudian.
Jordi Sanchez, artxiboko irudian.
Jordi Sanchez, artxiboko irudian.

play icon 6:45

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Sardinian atxilotu dute bart, eta horrek arriskuan jarri du Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaian akordioren bat lortzeko aukera, Jordi Sanchez Junts per Catalunyako idazkari nagusiak Radio Euskadin esan duenez. "Gobernuak jarrera guztiz oldarkorra erakutsi du; ez dago Espainiako Erresumaren benetako borondaterik, nahi duten bakarra kartzelan sartzea da", gaineratu du.

Puigdemontek polizia-etxean igaro du gaua, eta 14:00etatik aurrera deklaratuko du Sassariko (Sardinia) Apelazio Auzitegian; izan ere, horrek du eskumena aske uztea edo Espainiaratzea erabakitzeko. Hala jakinarazi du Junts per Catalunyako idazkari nagusiak Radio Euskadin, eta gaineratu du presidente ohiaren defentsa lasai dagoela, askatasuna defendatzeko "argudio sendoak" dituelako: "Ez dugu uste euroagindua aktibo dagoenik".

Puigdemonten atxiloketa Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko urriaren 14an egindako euroaginduaren ondorio da, baina, katalanaren defentsaren arabera, "etenda dago", eta, beraz, atxiloketa "irregularra" dela salatu du. Hala ere, Espainiako Justiziak dio ez zuela inoiz agindu hori indargabetu, eta estradizioa eskatu du.

Radio Euskadin galdetu diotenean ea gertaera horiek Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiari eragingo dion, idazkari nagusiak esan du areagotu egin dela bi aldeen arteko presioa, eta gaitzetsi du Espainiako Gobernuak ez duela "benetako borondaterik" akordiorik lortzeko.

Kataluniako indar independentisten arteko harremanei dagokienez, Sanchezek azaldu du Kataluniako Gobernuaren gehiengoak agenda bertan behera utzi duela eta "ekintza batasuna" dagoela. Horren harira, Bartzelonan, Italiako kontsulatuaren aurrean, mobilizazioa egingo dutela gaineratu du, presidente ohiaren askatasuna eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Europa Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont JxCat azken ordua