Itxi

2021/09/24

18:52

Politika

Barne hauteskundeak

Anduezak "euskal ezker baliagarriaren eremua zabaldu" nahi du

agentziak | eitb media

Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia ere PSE-EEko Idazkaritza Nagusirako primarioetara aurkeztuko da. Alderdiak EAJrekin sinatu dituen gobernu-akordioen aurka agertu da.

1:16
Eneko Andueza
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagaiak esan du "euskal ezker baliagarriaren eremua zabaltzea" dela bere nahia, eta horren aldeko apustua egingo duela.

Anduezak gaur Bilbon egindako ekitaldi batean aurkeztu du PSE-EEren primarioetarako hautagaitza. Bozketa urriaren 30etik azaroaren 6ra artean egingo da, beste hautagairen bat egonez gero.

Legebiltzarreko bozeramaile eta alderdiaren Gipuzkoako buruzagitza duenak ez ditu bere lantaldeko izenak eman nahi izan, ezta barne hauteskundeetan aurkeztuko dituen ekimenak ere.

Anduezak azaldu du ez zela "erabaki erraza" izan idazkari nagusirako hautagaitza aurkeztea, eta "erabakigarriak" izan direla alderdikide "askorekin" izan dituen elkarrizketak urratsa egiteko.

"Bihotzez" eskertu dio Idoia Mendia idazkari nagusiari bere "eskuzabaltasuna" eta "alderdiari eta bere herriari emandakoa". Gainera, ukatu egin du "bizefaliak" kalte egingo duenik, Mendiak lehendakariorde izaten jarraituko duela eta.

Anduezak esan du bere helburuetako bat "euskal ezker baliagarriaren eremua zabaltzea" dela, euskal erakundeetan "eragina" izateko eta "buruzagitza" hartzeko. PSE-EEk euskal ezer erabilgarritzat du bere burua Elkarrekin Podemosengandik bereizteko.

Hautagaiak alderdiko buruzagi nagusien babesa du, eta gogorarazi duenez, PSE-EEk "ibilbide orri argia" du eta ez dago EAJrekin dituen gobernu akordioekin lotuta.

"EAJrekin ditugun itunen ibilbide orria oso argia da, zigilu sozialista eta aurrerakoia dute eta egonkortasuna ematen digute. Ez du esan nahi beste akordio batzuetarako irekita ez gaudenik, EAJrekin ditugun akordioekiko leialtasun osoz", gaineratu du.

Berretsi du akordioetara iristearen garrantzia dela "zertarako" den. "Erreferenteak gara zerbitzu publikoen defentsan eta inor atzean utzi gabe bizi baldintzak hobetzen, eta bat egiten dugunarekin iritsiko gara akordioetara", aipatu du.

Gainera, "herriaren aniztasuna" erakusten duten "akordio handiak" lortzeko alderdi guztiekin hitz egiteko prest agertu da.

Anduezak azpimarratu du autogobernuaz duen iritzia aurreko astean plazaratu zuela Legebiltzarrean, eta "Espainiarekin federalki harremantzen" den erkidego batean sinesten duela, "identitate tentsiorik gabe" eta herritarrekiko zerbitzuan oinarritua.

Anduezaren balizko ordezkoa

Dirudienez, Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Eneko Anduezaren ordezkoa izan daiteke PSE-EEren Gipuzkoako idazkaritza nagusian.

Gipuzkoako zuzendaritza berria aukeratzeko Kongresua azaroaren 28an izango da, eta aurreko egunean (irailak 27), Bizkaikoa eta Arabakoa izango dira. Bi lurralde horietan, idazkaritza nagusietan Mikel Torresek eta Cristina Gonzalezek errepikatzea espero da, hurrenez hurren.

Hauteskunde primarioen galbahea igaroz gero, Gipuzkoako orain arteko buruzagiak, alderdiaren batasuna sustatzen duela dirudienak, PSE-EEren buruzagitza hartuko luke azaroaren 20tik 21era bitartean egingo den Kongresuan. Astebete geroago, lurralde biltzarrak egingo dituzte.

Ez da hautagai bakarra izango

Soraya Morla Basauriko (Bizkaia) zinegotzi ohia ere PSE-EEko Idazkaritza Nagusirako primarioetara aurkeztuko da. Hain zuzen ere, datorren astelehenean aurkeztuko du ofizialki bere hautagaitza. Sanchezen alde agertu zen 2017ko primarioetan, Patxi Lopezen eta Susana Diazen aurka.

Sanchezek beharrezko abalak militanteen % 2ra jaitsi ostean (lehen % 20a behar zen), beharrezko babesa lortzeko ez duela inolako arazorik izango uste du Morlak. Hala, PSE-EEren kasuan, ehun sinadura inguru izango lirateke.

Morla, alderdiak EAJrekin sinatu dituen gobernu-akordioen aurka agertu da, "kirrinka egiten dutelako". "Oposizioan egon eta arduratsua izan daiteke", esan du, "edozeinekin ituna sinatu daiteke, baina ezertan hipotekatu gabe, eta gobernuko kide izatea baino hipoteka handiagorik ez dago".

Madrilen, PSOEk EH Bildurekin akordioa lor dezakeela ikusita, "Euskadin zergatik ez den posible" galdetu du. Bere ustez, PSE-EE "gero eta gehiago diluitzen" ari da eta "nortasuna galtzen" ari da; hori dela eta, Podemos-Ahal Duguk babesa galdu duen arren, sozialistak ez dira gai izan aurreko babesak berreskuratzeko eta Euskadin bigarren indarra izateko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;