Politika -

Auzitegi Nagusiko epaiketa

ETAk hildako haur baten amak auzipetuei: 'Koldarrak, puta semeak!'

Orain hamar urte Santa Polako atentatuan hildako neskatoaren ama ustezko hiltzaileei hitz hauekin zuzendu zaie.

'Koldar puta semeak' deitu die ustez bere alaba hil zuten ETAko kideei

01:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2002. urtean Santa Polako (Alacant) kuartel etxearen aurka ETAk egindako atentatuan hil zen neskatoaren amak "hiltzaileak eta putasemeak" deitu die ustezko hiltzaileei.

Toñi Santiago, neskatoaren ama, horrela zuzendu zaie ustezko hiltzaileei eta Auzitegi Nazionaleko epaileak kargu hartu dio, nahiz eta egoera ulertzen duela esan duen.

Oso hunkituta kontatu du 2002ko abuztuaren 4an gertatutakoa. 6 urteko neskatoaren amak esan du kuartel etxetik lanetik bueltan zegoenean gertatu zela atentatua.

"Bat-batean dena beltza bilakatu zen, dena mugitzen zen eta ez nekien zer gertatzen ari zen", kontatu du. Ondoren odola nabaritu zuela eta alaba deika entzun zuela azaldu du.

"Ezin nuen ikusi. Alaba non zegoen galdetu nion nebari, eta hondakinak kentzen hasi nintzen, korrika; izan ere, azpian zegoen atera ezinik, baina, hondakinak kentzen nituen heinean, banekien alaba hil egingo zela".

Une horretan laguntza eskatu zuela esan du, baina beste lehergailu bat zegoela eta, bertatik joateko exijitu ziotela gaineratu du.

"Ezetz esan nien, nire alabarekin geldituko nintzela", esan du Santiagok, eta ondoren, polizia batek haurra besoetan hartu eta kalera irten zirela zehaztu du.

"Ordutik, gure bizitza bere memoria eta duintasuna defendatzeko borroka izan da", gaineratu du.

Tratamendu psikologikoan jarraitzen duela esan du Santiagok eta "hiltzaile hauek haur batekin inoiz ez gurutzatzeko ardura zure eskuetan uzten dut", adierazi dio epaileari eta “Justiziari”.

"Afaltzen harrapatu nahi zituzten"

Guardia Zibilaren peritu batek epaiketan azaldu duenez, "biktimak afaltzen harrapatzea" zen ETAko kideen helburua.

Adituaren arabera, ETAko "Argala taldea"ren asmoa Otegik sinatutako "autokritikan" ageri da (Ibon Fernandez Iradi Susper ETAko buruzagiari atzeman zioten), izan ere, Otegik berak eta Zelarainek "zehatz-mehatz" azaltzen dituzte 2002an Espainian egin zituzten atentatuk, eta Santa Polako atentatua aipatzen dute.

Beste peritu batzuk ere deklaratu dute eta haien esanetan, auzipetuak atxilotu zituztenean, 2002ko irailaren 20an, bideo zinta bat atzeman zuten eta Otegiren hatz-markez gain, bideoan Santa Polako kuartelaren irudiak zeuden.

Printzipioz, epaiketa bihar amaituko da peritu gehiagoren deklarazioarekin, aldeen azken txostenen aurkezpenarekin eta auzipetuen azken hitzarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea