Politika -
Lan erreforma
Bilduk ez du lan erreforma aplikatuko kontrolatzen dituen erakundeetan
Koalizioak ez du lan erreforma martxan jarriko zuzentzen dituen erakunde eta elkarte publikoetan, langileen aurkako erasoa dela iritzita.
Erredakzioa
Bilduko agintarientzat, lan erreformak, soldatak eta kaleratzeen "kalte-ordainak murriztu" eta "minimo historikoetan" kokatzen ditu. Horregatik, Batzar Nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan lan erreforma baztertzeko ekimenak aurkeztuko dituzte.
Maiorga Ramirezen hitzetan, Bilduren ekintza, ez da maila teorikoan eta politikoan soilik aplikatuko. Alderdi praktikoa ere landuko dute, kontrolatzen dituzten erakunde eta elkarte publikoen egunerokotasunean erreformari uko eginez.
Orain arte egindako mobilizazioek eta sindikatu abertzaleek martxoaren 29an deitutako greba orokorrak langileak erreformaren aurka daudela argi erakusten duela uste dute koalizioan.
Bilduren ekimenak “alderdi politikoak erretratatzeko” balioko duela deritzote eta lan harremanak Euskal Herrian adosteko aukera izatea aldarrikatu dute.