Politika -
Omenaldiak
Jorge Diezen senideak: 'Ez daitezela ETAren basakeriak ahaztu'
Jorge Diaz ertzainaren senideek eta lankideek loreak utzi dituzte ETAk hildako 15 agenteen oroimenez Arkautiko akademian dagoen monolitoan.
Erredakzioa
Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkarteak (Aserfavite) ETAk egindako "basakeriak" ez ahazteko eskatu du gaur Jorge Diez bizkartzainari egindako omenaldian. 12 urte bete dira ETAk Diez eta Fernando Buesa politikari sozialista hil zituela.
Jorge Diez ertzainaren senideek eta lagunek loreak utzi dituzte Arkautiko polizia ikastegian, ETAk hildako 15 agenteak oroitzeko monolitoan. Han, halaber, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendaria izan da.
Daniel Echevarria Aserfaviteko presidenteordeak idatzi labur bat irakurri du eta Jorge Diez "nagusi eta lankide bezala" hartu du gogoan.
Echeverriaren hitzetan, "oroimenean dago norbaitek Diez hiltzea agindu zuela beren jarraitzaileek hilketa gauzatzeko", eta "borreroek gizartearen aurrean aurpegia eman beharko" dutela esan du.
Lore eskaintzaren ostean, minutu bateko isilunea eginez eta txaloak joz gogoratu dute Jorge Diez. Ekitaldia bukatu ostean, Jorge Diezen senideak eta lankideak atentatua (2000ko otsailaren 22an) gertatu zen tokira joan dira beste omenaldi bat egiteko. Han, Patxi Lopez lehendakaria eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia izan dira.
Rubalcabak bizikidetzaren aldeko apustua egin du ETAren amaierari aurre egiteko, baina "ahanzturan" jausi gabe eta "inork historia berriro idaztea" saihestuz. "Inoiz ez diogu terrorismoaren biktimak ondratzeari utziko", gaineratu du.
Gaurkoa, ETAk urriaren 20an indarkeria behin betiko utziko zuela iragarri zuenetik Fernando Buesari eta Jorge Diezi egin dieten lehen omenaldia da gaurkoa.
PSOEko idazkari nagusiaren hitzetan, aro berri "konplexua" da eta demokratek "pertseberantzia, adimena eta ausardia" behar dituzte; izan ere, terrorismoaren aztarnak "sakonak dira eta denbora beharko da horiek ezabatzeko".